Gizartea -
Gabonetako desfilea
Pertsonaia mitologikoek garrantzi handia izango dute Donostiako Olentzero eta Mari Domingiren desfilean
Goizeko 10:30ean iritsiko dira hirira, eta eguerdira arte, auzoz auzo ibiliko dira kaleak alaitzen. Haurren gutunak jaso eta gero, 18:00etan, erdialdetik ibiliko dira kaleak girotzen eta alaitasunez betetzen.
EITB Media
Olentzero eta Mari Domingi zoriontasuna eta alaitasuna zabaltzen ibiliko dira Donostian abenduaren 24an. Goizean helduko dira Gipuzkoako hiriburura, eta arratsaldean, Donostiako kaleetan egingo duten desfilean, zenbait galtzagorriren laguntza izango dute, baita hainbat pertsonaia mitologikoren babesa ere. Lamia, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina aurtengo desfilera batuko dira bertaratzen direnen gozamenerako.
Olentzero eta Mari Domingi 10:30ean iritsiko dira Donostiako Aiete auzoko Katxola baserrira. Bertara gerturatutakoak agurtu ondoren, hiriko zenbait auzotara gerturatuko dira. 15:30etik aurrera, udaletxean izango dira etxeko txikienekin egoteko. Bertaratzen diren guztien gutunak jasoko dituzte udalbatza aretoan.
Desfilea arratsaldeko 18:00etan hasiko da Ijentea kalean, eta erdigunea zeharkatuko du. Olentzerok eta Mari Domingik 16 eragileren eta 550 pertsona baino gehiagoren laguntza izango dute ibilbidea egiteko.