Gizartea -
Gabonetako eguraldia
Eguraldi egonkorra eta tenperatura goxoak Gabon eta Eguberri egunean
Gabon egunean, hodeiak desagertzen joango dira, eta eguzki izpiak ikusiko ditugu. Bihar, Eguberri egunean, eguraldia antzekoa izango da, baina hodeiak areagotzen joango dira arratsaldean. Tenperatura maximoak 20 gradukoak izango dira kostaldean, eta 15 gradukoak barnealdean.
EITB Media
Gabon egunean eta Eguberri egunean tenperatura epelak eta eguraldi egonkorra izango direla iragarri du Euskalmetek. Egun esanguratsu horietan ez da eguraldiaren kezkarik izan beharko. Gainera, hego haizea nagusituko da, eta ez da prezipitaziorik izango.
Gabon egunean, 24an, goizean zehar, goi hodeiak agertuko dira, baina arratsalde partean desagertzen joango dira. Ez dute ondoriorik izango, eta eguzki izpiak ere ikusiko ditugu. Euri pixka bat bota badezake ere, batez ere Bizkaia mendebaldean, Euskadiko leku gehienetan, eta ia egun osoan, ez du euririk egingo. Lanbroa izan daiteke Ebro haranean. Haizeak hegotik edo hego-mendebaldetik joko du, eta indartsuago ibiliko da goizean.
Tenperaturei dagokienez, epelak izango dira egun osoan zehar. Kantauri isurialdean gutxienekoak 10-12 °C-koak izango dira, eta maximoak berriz, 20 gradu ingurukoak. Beste lekuetan aldiz, minimoak 5-8 gradu ingurukoak izango dira, eta gehieneko tenperaturak 15 graduren baitan ibiliko dira.
Eguberri egunean, bezperakoaren antzeko eguraldia espero da, aldaketa askorik gabe. Eguzkia protagonista izango da goizean, eta hodeiak areagotzen joango dira egunean zehar. Arratsaldea oso hodeitsua izango da, batez ere Bizkaian. Gauean euria ere boda dezake lurralde horretan. Haizeak berriro ere hegotik joko du, eta tenperaturak epelak izango dira. Kantauriar isurialdean, 18-20 ºC izango dira, eta gainontzeko lekuetan, 15 graduren inguruan ibiliko dira.