Gizartea -
EUSKARA
Eibarko Udalaren "… euskaraz eta kitto!" bando arrakastatsuak 40 urte bete ditu
Euskal hiztunak euskara erabiltzera bultzatzen zituen bandoak, eta euskararen aldeko kanpaina baten barruan kaleratu zuten. Oihartzun handia izan zuen Eibarren bertan zein inguruko herri askotan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
"... dei eta deiadar egiten zaio euskaldun jendeari euskara gure hizkuntza gaurdanik bertatik erabiltzera etxean zein jendaurrean, Eibar herri euskalduna izatea lortu arte arrazoizko epe batean. Ez da atxakiarik ez mintzatzeko ezagutzen eta maite den hizkuntzan. Horregatik aldarrikatzen dugu: euskaraz eta kitto!". Hala zioen, hitzez hitz, gaur 40 urte Eibarko Udalak plazaratu zuen bando bereziak, euskal hiztunak euskaraz hitz egitera bultzatzen zituenak.
Euskararen aldeko sentsibilizazio kanpaina baten erdian zabaldu zuten bandoa, eta oihartzun handia izan zuen. Herrian bertan ez ezik, inguruko herri askotara iritsi zen agiria, eta orduko prentsan ere leku nabarmena hartu zuen gaiak.
ETBko artxibotik errekuperatutako bideoan, Estepan Aldamiz kazetariak 1982an Eibarko alkate zen Mikel Larrañagari egindako elkarrizketa ekarri dugu gogora. Bertan, Larrañagak ekimenaren helburua azaldu zuen: "... aldaba batekin herritarrei buruan jotzea nahi izan dugu, euskara dakigunok behintzat euskara erabili dezagun".
Eibarko Udalak eta Eibarko Udal Euskaltegiak abian jarritako kanpaina, garai hartako testuinguruan, ekimen berritzailea eta deigarria izan zen. Zorion mezu ugari jaso zituen alkateak, tartean, Ramon Labaien orduan Donostiako Alkatea zenaren telegrama, honako hitz hauekin: "Euskarari buruzko Bandoa dela eta, har itzazu nire zorionik beroenak".
Gerora, bandoan plazaratutako azken hitzak Eibarko euskara elkarteari izena jartzeko erabili zituzten, eta 1992tik, ... eta kitto! Euskara Elkartea ari da 40 urte lehenago bando batean kaleratutako mezuari eusten, euskararen erabileraren aldeko lan etengabean.