Gizartea -
udalerri euskaldunak
Asteasu, Astigarraga eta Hernani UEMAko kide dira gaurtik aurrera
Herri horiek gehituta, 97 izatera heldu da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, 300.000 biztanleko langa gainditu duelarik.
eitb media
Batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) larunbat goizean Deban. Besteak beste, 2022an egindakoaren balantzea aztertu eta 2023rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Era berean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte. Hala, gaurtik aurrera, Asteasu, Hernani eta Astigarraga ere UEMAko kide dira.
Hiru horiek gehituta, 97 udalerri izatera heldu da gaur UEMA eta, guztien artean, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, horiek euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko.
Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko.