Gizartea -
Deustobarometroa
Osasun-arretarekiko kezka areagotu egin da EAEn, bigarren arazo handiena baita lehen aldiz
Prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa kezka nagusien buruan daude oraindik. % 60k aitortu du etxeko berokuntzaren eta elektrizitatearen kontsumoa mugatu behar izan duela.
N. B. | EITB MEDIA
Osasun-arreta da, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleentzat bigarren arazo garrantzitsuena; izan ere, herritarren % 40k osasun-arreta dute kezka nagusien artean, duela sei hilabete baino ia bi aldiz gehiago. Gainera, Osakidetzak azken hamarkadako batez besteko baloraziorik baxuena lortu du (5,0).
Prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa dira oraindik ere herritarren kezka nagusiak (% 57), Deustuko Unibertsitateak gaur argitaratutako Deustobarometro Sozialaren inkestaren emaitzen arabera.
% 60k adierazi dute etxeko berokuntza eta elektrizitate kontsumoa mugatu behar izan dutela. Eta % 35ek beren ohiko dietako elikagai batzuk erosteari utzi diotela edo gutxiagotan erosten dituztela.
Lan-baldintza txarrak, soldatak barne, langabezia baino kezkagarriagoak dira herritarrentzat. Langabeziarekiko kezka (% 10) azken hamarkadako punturik baxuenean dago.
Deskontuak garraioan
Herritar gehienek oso positibotzat jo dituzte (% 86) Eusko Jaurlaritzak garraio publikoaren prezioan ezarritako deskontuak. Jaioberri guztientzako txekearen aldekoak, berriz, ez dira hainbeste (% 53) Euskadin.
Herritarren % 84ren ustez, gizarte-laguntzak familiaren errentaren arabera eman beharko lirateke. Eta % 69ren iritziz, zerbitzu publikoen kalitatea hobetu egingo litzateke errenta handienak dituztenek zerga gehiago ordainduko balute.
Hezkuntzarekiko kezka (% 6) euskal herritarren arazo nagusietatik kanpo dago oraindik. Balorazioa (5,4) egonkor mantentzen da. Herritar gehienek ( % 80) ikasle kalteberen banaketa orekatua babesten dute, aukera-berdintasuna bermatzeko.
Justizian ez dago kofidantzarik
2023ko udal eta foru hauteskundeei dagokienez, gehienek (7,7 0-10 eskalan) oso beharrezko ikusten dute emakume gehiago egotea alderdietako zerrenden buru.
Herritar gehienak ez dira justiziaz fidatzen, txarto baloratzen dute (3,8) justiziaren funtzionamendua eta suspentsoa jartzen diote (3,5) Konstituzio Auzitegiari. Gainera, gehienek (% 54) nahiko lukete Euskadik bere Botere Judiziala edukitzea. % 64k uste dute gizartea epaileak baino aurrerakoiagoa dela.
Ingurumenarekiko eta krisi klimatikoarekiko kezka (% 12) herritarren arazo nagusien artean mantentzen da. Eta herritar gehienak daude (% 73) Euskadin parke eolikoen eta fotovoltaikoen garapena bultzatzeko tramiteak erraztearen alde.