Gizartea -
Krisia Osakidetzan
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek ez dute gaur elkarretaratzerik egingo eta asanbladan ebatziko dute jarrera
Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria astelehenean bilduko da zerbitzuburuen ordezkariekin, eta iragarpen horrek giroa lasaitu du. Bien bitartean, Legebiltzarrean, oposizioak auziari buruz egindako galderei erantzun beharko diete Gotzone Sagardui sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak.
EITB MEDIA
Osasun Sailak Donostialdeko ESIko hainbat arduradun kargugabetu zituenetik, duela 15 bat egun, urak arre etorri dira Donostia Ospitalean, baina Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria zerbitzuburuen ordezkariekin bilduko dela jakiteak —astelehenean da hitzordua— giroa lasaitu du. Hala, gaurko iragarrita zuten elkarretaratzea bertan behera utzi dute zerbitzuburuek, eta horren ordez, bilera egingo dute euren jarrera zehazteko. Ondoren, prentsaurrekoa deitu dute, euren ikuspuntua adierazteko.
Batzarraren helburua da asteleheneko hitzordua prestatzea eta "ESIaren etorkizuna partekatu eta eraikitzeko" oinarriak ezartzea. Hainbat aldarrikapen eztabaidatuko dituzte; tartean, Zuzendaritza Medikoa Donostiako Ospitaletik etortzea, eta Integrazio Zuzendaritza Lehen Arretatik.
Horrez gain, proposatzen dute ezartzea "ordezkari den mahai tekniko bat, Erakunde Sanitario Integratuaren estrategian parte hartzen duena", eta zerbitzuak aldizka ebaluatzea, "kalitate adierazleak" baliatuz; erdi mailako arduradunak ere sartuko lirateke tartean.
"Gardentasuna" galdegiten dute Giza Baliabideetako politikan, "lan taldeak modu egokian dimentsionatu eta orekatzeko, eta gaikuntza espezifikoa behar duten postuak zehazteko".
Donostialdeko ESIko langileek, gainera, Onkologikoaren Plan Estrategikoa aurkeztea eskatzen dute, eta jakin nahi dute nola integratuko duten hori ESIan. Gainera, uztardura hitzarmen berriaren gaineko azalpena ere eskatu dute.
Eztabaidagunea, Legebiltzarrean
Bien bitartean, Osakidetzaren krisiaren gaia Gasteizko ganberara lekualdatuko da. Oposizioko talde guztiek galderak egingo dizkiete bai Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zein Iñigo Urkullu lehendakariari.
Astelehenean, gainera, Sagarduik berak agerraldia egingo du Legebiltzarreko Osasun batzordean Donostialdeko ESIaren gaineko azalpenak emateko.