Gizartea -

Krisia Osakidetzan

Osakidetzako zuzendari nagusia Donostia Ospitaleko medikuen ordezkaritza batekin bilduko da astelehenean

Bileraren helburua da azken asteotako krisia bideratzea. Medikuek arazoa konpontzeko bidean dagoela deritzote, eta, horrenbestez, ostiral goizerako deituta zuten elkarretaratzea bertan behera utziko dute.

Donostia Ospitalea. Argazkia: Xabier Urteaga.
Donostia Ospitalea. Argazkia: Xabier Urteaga.
Donostia Ospitalea. Argazkia: Xabier Urteaga.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia Donostia Ospitaleko medikuen ordezkaritza batekin bilduko da astelehenean, azken asteotako krisia bideratzea helburu, EITBk jakin ahal izan duenez.

Hala, medikuek arazoa konpontzeko bidean dagoela deritzote, eta, horrenbestez, ostiral goizerako deituta zuten elkarretaratzea bertan behera utziko dute. Ordu horretan, medikuek batzarra egingo dute, eta, ondoren, prentsaurrekoa deituko dute, euren ikuspuntua adierazteko.

Beraz, Donostiako Ospitaleko medikuen eta Osakidetzaren arteko krisialdia bukatzeko bidean dagoela esan daiteke. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, ostiralean, Legebiltzarreko Kontrol Bilkuran alderdi politikoek egindako galderei erantzun beharko die, baina, ordurako, krisialdi honetako beroena igarota egongo da. Astelehenean, Legebiltzarrean ere, Sagarduik agerraldia egingo du, Donostialdeko ESIaren gaineko azalpenak emateko.

Testuinguru horretan, Osasun Sailak ere baieztatu du bilera egingo dutela: "Donostia Ospitalean sortutako egoerari dagokionez, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, Zuzendaritza Nagusiko taldearekin batera, ospitalean bertan bilduko da datorren astelehenean, ESIko arduradunekin eta bitarteko kargudunekin eta Ospitaleko zerbitzuruetako ordezkaritza batekin".

Jaurlaritzaren esanetan, bileraren helburua da "ospitaleko gerentzia aldaketaren ondoren ezarritako elkarrizketa prozesuan aurrera egiten jarraitzea. Gerentzia berriak bere erantzukizuna hartu zuen une beretik, hainbat bilera egin ditu ESIko eta Osakidetzako ordezkariekin, konfiantza, elkarrizketa eta lan koordinatuko giroa sortzeko".

Batzar nagusia, ostiralean

Hala, Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek eta profesionalek batzar nagusia egingo dute ostiralean, Donostia Ospitalean, astelehenean Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiarekin egingo duten bilera prestatzea helburu. Halaber, "ESIaren etorkizuna partekatu eta eraikitzeko" oinarriak ere ezarriko dituzte.

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek eta langileek asteartean egin zuten seigarren elkarretaratzea, Donostiako Ospitaleko atean. Hori amaituta, adierazi zuten ados daudela Iñigo Urkullu lehendakariarekin kontu zehatz batean, alegia, euskal osasungintzarako "eraginkortasunik handiena" bilatzeko beharraren gainean.

Ostiralean, hainbat aldarrikapen eztabaidatuko dituzte; tartean, Zuzendaritza Medikoa Donostiako Ospitaletik etortzea, eta Integrazio Zuzendaritza Lehen Arretatik.

Horrez gain, proposatzen dute ezartzea "ordezkari den mahai tekniko bat, Erakunde Sanitario Integratuaren estrategian parte hartzen duena", eta zerbitzuak aldizka ebaluatzea, "kalitate adierazleak" baliatuz; erdi mailako arduradunak ere sartuko lirateke tartean.

"Gardentasuna" galdegiten dute Giza Baliabideetako politikan, "lan taldeak modu egokian dimentsionatu eta orekatzeko, eta gaikuntza espezifikoa behar duten postuak zehazteko".

Donostialdeko ESIko langileek, gainera, Onkologikoaren Plan Estrategikoa aurkeztea eskatzen dute, eta jakin nahi dute nola integratuko duten hori ESIan. Gainera, uztardura hitzarmen berriaren gaineko azalpena ere eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Donostia albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Donostia Ospitalea