Gizartea -
Haurtzaro urratuak
Bermeoko pederastak Santutxuko Berrio-Otxoa ikastetxean ere egin zituen sexu abusuak
EITBk jakin duenez, Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendari ohiak gutxienez hiru umeri egin zizkien sexu abusuak Santutxuko Berrio-Otxoa eskolan.
EITB MEDIA
Santutxuko (Bilbo) Berrio-Otxoa eskolan ere egin zituen abusuak duela 40 urte Bermeoko Jose Done ikastetxean hainbat umeri sexu abusuak egin zizkien elizgizonak, EITBk jakin izan duenez. Pederasta, Felipe anaia, Bizkaiko hiriburuko zentro horretara lan egitera joan zen Bermeon aritu eta gero.
Auziaz galdetuta, Bilboko ikastetxearen zuzendaritzak ez du adierazpenik egin nahi izan, eta Isabel Llauger Menetarren bozeramaileak atzokoan egin zituen adierazpenei egin die erreferentzia.
Otsailean, Asier Sanchez EITBko kazetariak egindako ikerketa batek agerian utzi zituen Bermeoko ikastetxe menetarreko zuzendari ohiak hainbat urtez egindako sexu abusuak. Orain arte, gutxienez 13 kasuren berri izan du EITBk.
Orain, Santutxuko Berrio-Otxoa ikastetxeko zenbait ikasle ohik ere aurrerapausoa eman dute, EITBn Bermeoko biktimen testigantzak entzun eta gero, eta eurek bizitakoa kontatu digute. Felipe anaiak zentro horretan lan egin zuen 1982tik 1988ra, tutore eta OHOko zuzendari gisa. Gutxienez, eskola horretako hiru abusu kasuren berri izan du EITBk, baina gehiago izango dira segur aski.
Horren ildotik, EITBk Iñakirekin (ez da haren benetako izena) hitz egin du. Bermeoko elizgizonaren biktima izan zen 9 urte zituenean: "Umeen maitasuna lortzen zuen, eta ondoren, bulegora eramaten zituen, belaunetan eserarazten zituen, eta ukipenak egiten zizkien, musutxoak eman...".
Felipe anaiak haren gurasoak konbentzitu zituen, kurtsoa errepika zezan. "Nire ondorioa da urtebete gehiago izan nahi ninduela, noizean behin bulegoan ukipenak egin ahal izateko", adierazi du, atzera begira.
Gerora, 17-18 urte zituenean, Iñaki ikastetxera itzuli zen, azalpen eske: "Halako batean, pentsatu nuen, kabroi hau... eta haren bila joan nintzen, baina zentroan esan zidaten Berrio-Otxoa misto bihurtu zela (abusuak egin zituzten garaian gizonentzat baino ez zen), arazoak izan zituela neska batzuekin, eta horregatik Valladolideko Berrio-Otxora joan zela".
Berrio-Otxoa ikastetxeko beste biktima bat ere jarri da EITBrekin harremanetan, jasandako abusuen kontakizuna helarazteko. "Felipe anaia nire tutorea izan zen OHOn. Munstroa da, ziurta diezazuket ikasgela berean 5 umeri egin zizkiela abusuak. Ez zuen erreparorik; taldeka eramaten gintuen, ondoren banan-banan abusuak egiteko".
"Beldur handiarekin gogoratzen dut ikasturte hura, biziki eskertzen dut hau guztia argitara atera izana", esan dio Asier Sanchez lankideari. "Denei ezkutatu nien gertatutakoa, baina amesgaiztoak ditut oraindik. Atzean utzi nuen bizitakoa, baina (erasotzailea) hil baino lehen, epailearen aurrean ikusi nahiko nuke", gaineratu du.
Asteazkenean, EITBk jakinarazi du pederasta menetarrak abusuak egin izana aitortu ziela Jose Done ikastetxeko hiru biktimari, duela hilabete batzuk. Barkamena ere eskatu zien, baina bideoz egin zuen, eta bilera pribatu batean. Hori dela eta, hiru biktima horiek aurpegia eman nahi izan dute, lehen aldiz, ETBko kameren aurrean, sexu erasotzaileak publikoki barkamena eskatzea aldarrikatzeko.
Hamarkadak joan dira, baina hainbat biktimak isilpean dute oraindik haurtzaroan pairatutako infernua. Hori bai, aurrerapausoa eman nahi izan dutenek argi dute: ezinbestekoa da gertatutakoa ezagutaraztea, justizia egitea eta, batik bat, berriro ere ez errepikatzea.