Gizartea -
Krisia Osakidetzan
Osakidetzako zuzendaria Donostialdeko ESIko zerbitzuburuekin hartu-emanetan da krisia konpontzeko asmoz
Adolfo Lopez de Munain Donostia Ospitaleko Neurologia zerbitzuburuak baieztatu du Rosa Perezen deia jaso duela, eta aurreratu du, elkarrizketa giro horretan, gaur-biharretan ez dutela Donostiako Ospitalearen aurrean elkarretaratzerik egingo.
EITB Media
Abenduaren 2an izandako kargugabetzeak tarteko, Osakidetzako Donostialdeko ESIan zabaldutako krisia konpontze bidean egon liteke. Izan ere, Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria ESIko zerbitzuburuen bozeramaileekin harremanetan jarri da.
Adolfo Lopez de Munain Donostia Ospitaleko Neurologia zerbitzuburuak baieztatu duenez, Rosa Perezen deia jaso zuen atzo "elkarrizketaren bidean sakontzeko".
Orain arte tenkatuta zeuden hartu-emanak apur bat lasaitu direla ulertuta, Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek bertan behera utzi dituzte gaurko eta biharko Donostia Ospitalearen aurrean deituta zeuzkaten elkarretaratzeak.
Auziaz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak Euskadi Irratian esan du Donostialdeko ESIko kargudun berriek elkarrizketa prozesua hasi zutela protestan diren zerbitzuburuekin, eta datozen egunetan ere "elkarrizketaren bidearekin" jarraituko duela Zuzendaritzak. Horren hitzetan, Osakidetzan egin asmo den "berrantolaketa prozesu berezia da, eta arretagune asko ditu. Orain arte, Lehen Arreta zen arretagunea, eta duela egun batzuk, beste hau sortu zen. Hori hor dago eta erantzun beharko zaio".