Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Izendatu berriek kargua hartu bezain laster ekin zioten zerbitzuburuekin hitz egiteari, Zupiriaren arabera

Autokritikari uko egin gabe, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea itxaropentsu mintzatu da, eta datozen egunetan aurrerabideren bat egon daitekeela iradoki du. Bestalde, ukatu egin du osasun zerbitzu publikoa pribatizatzeko inongo asmorik dagoenik.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Euskadi Irratian (artxiboko irudia)
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Euskadi Irratian (artxiboko irudia)
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Euskadi Irratian (artxiboko irudia)

play icon 20:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuan lehertu den krisiak zeresana ematen jarraitzen du oraindik. Osakidetzan gertatzen ari denaz galdetuta eta autokritikari uko egin gabe, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du izendatu berriek kargua hartu bezain laster ekin ziotela zerbitzuburuekin hitz egiteari. "Ea aurrerabiderik izaten dugun datozen egunotan", azaldu du. Edozein kasutan, esan du beti egin behar dela autokritika eta hartutako erabakiak errepasatu: "Seguru nago ez genituela gauza asko ondo egingo".

Zupiriak goitik behera ukatu du osasun zerbitzu publikoa pribatizatzen ari denik. "Ez da erabaki bakar bat hartu gure osasun zerbitzua pribatizatzeko, ez dago inongo asmorik horretarako", gaineratu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Bingen Zupiriak azpimarratu du osasun publikoak inoizko aurrekonturik eta langile kopururik handiena duela. "Iritsi gara inoiz eduki dugun aurrekonturik handienera, osasun publikoan inoiz eduki dugun langile kopururik handienera, eta bide horretan lanean jarraitzeko asmoa daukagu", gehitu du. Ildo horretan, nabarmendu du 2013tik hona Eusko Jaurlaritzak ahalegin "izugarria" egin duela 2008ko krisiaren aurretik zegoen aurrekontu mailara bueltatzeko: "Ahalegin izugarria egin da osasun arloko inbertsioetan aurrera egiteko".

Bingen Zupiriak onartu du ez dakiela zein den Donostialdeko ESIko gatazkaren jatorria, lurraldeen arteko tirabira bat den, edo Gipuzkoan dauden zerbitzuen arteko koordinazio kontu bat den. Dena dela, esan du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela autonomia erkidegoa bere osotasunean hartzea, eta horren arabera erabakitzea eskaini behar diren zerbitzu horiek non eta nola eskaini behar diren, eta horretarako behar diren inbertsioak egitea.

Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka gaurko hezkuntzan deituta dagoen grebari buruz galdetuta, ez du ulertzen oraindik ere legea idazten ari diren honetan "badaezpadako" greba bat deitzea. Horren arabera, gaurko grebaren ondoren galdetu beharko da bi egun hauek zertarako balio izan duten, eta zertan egin den aurrera. Bingen Zupiriaren iritziz, sindikatu deitzaileak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri presio egin nahian dabiltza hezkuntza akordioa aldatu nahian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia Donostia Unibertsitate Ospitalea