Gizartea -

Krisia Osakidetzan

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuak, ados Urkullurekin: "Ez da posible ospitale bat etxe bakoitzaren aurrean"

Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruaren iritziz, egungo giroa elkarrizketarako mesedegarria da, eta hori "positiboa" da. Lehendakariarekin ados dago, kontu batzuetan: "Erabakiak eraginkortasun handiena bilatuz hartu behar dira".

Adolfo Lopez de Munain, asteartean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Adolfo Lopez de Munain, asteartean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Adolfo Lopez de Munain: ''Diskurtso politikoan oso itxaropentsuak diren seinaleak jasotzen ari gara''

1:48

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo Lopez de Munain Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak asteartean esan duenez, Donostialdeko ESIko zerbitzuburuak "itxaropena izateko moduko seinaleak" ari dira jasotzen, "diskurtso politikoan"; seinale horiek "konpondu beharreko arazo batzuk daudela onartzearekin" lotu dtu, konponbideen bila ibiltzearekin baino gehiago. Erakunde Sanitario Integratuko zerbitzuburuek eta langileek goizean egindako elkarretaratzea amaituta, Lopez de Munain, halaber, Iñigo Urkullu lehendakariarekin ados azaldu da hainbat kontutan: "Ez da posible guztiok izatea ospitale bat etxe aurrean", adierazi du, eta nabarmendu ere nabarmendu du zerbitzuen gaineko erabakiak "irizpide teknikoak" baliatuz hartu behar direla, "baina, beti, eraginkortasun handiena bilatuz".

Testuinguru horretan, Lopez de Munainek adierazi du ESIko zerbitzuburuek jakin badakitela mahai gainean dauden arazoak ez direla "errazak": "Ziur aski, konponbidea ez da ondorengo egunetan iritsiko; nire ustez, hilabeteak badaude, lanean ibiltzeko". Hori bai, giroa "elkarrizketarako mesedegarria" da, eta horrek tentsioa murrizten lagun lezake.

"Ondorengo egunotan ikusiko dugu ea Osasun Sailaren jarrerak utzitako sentsazioak gauzatu ahal diren, eta protesta hau modu positiboan bideratzerik dagoen. Une garrantzitsuan gaude, itxaropena izateko modukoan, eta ea hori gauzatzen den", azaldu du. Lopez de Munianen esanetan, Osasun Saila elkarrizketa bideratzeko prest dago, eta horren asmoa da barneratzea "mahaigaineratutako arazoak errealitatean oinarrituta" daudela.

"Bitartean", azaldu du, "Lehen Arretarekin lanean gaude", zehaztu du; izan ere, Lehen Arretak eta ospitaleek "gatazka desberdinak" dituzte, baina ahalegintzen ari dira "komuna dena integratzen": "Gure iritziz, Lehen Arreta osasun sistemako zati garrantzitsua da, herritarrarekiko hurbilen dagoena. Gaizki badabil, horrek ospitaleari eragiten dio".

Lehendakariaren adierazpenak

Halaber, Lopez de Munain ados azaldu da Iñigo Urkullu lehendakariak asteartean Osakidetzako krisiaren gainean egindako adierazpen batzuekin: "Lehendakariak arrazoia du. Bi milioi herritarreko herrialdea gara, eta ez da posible guztiok izatea ospitale bat etxeko atearen aurrean. Osasun errealitatea zein den badakigu, eta aurrekontu gaia garrantzitsua da", esan du.

Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak gogora ekarri du Euskadik espainiar Estatuko osasun gasturik handiena egiten duela, "baina ezin dugu ahaztu gastu horretako zati bat zorra baliatuz finantzatu egiten dela". Ildo horretan, jarraitu du, "mahaigaineratu ditugun kontu batzuek, gure iritziz, lagun dezakete zerbitzuek hobeto berrantolatzen".

Lopez de Munainek ziurtatu du zerbitzuekin lotutako erabakiak "irizpide teknikoak erabiliz" hartu behar direla, "baina beti eraginkortasunik handiena bilatuz". Puntu horretan, nabarmendu du, "lehendakariaren atzean gaude, erabat".

Agustin Agirre Donostialdeko ESIko gerente berriarekin batzartuko da asteartean Lopez de Munain. Lehen harremana badu egina, eta positibotzat jo du lehen kontaktu hori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Donostia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea