Gizartea -

TRANS LEGEA

Trans legeari buruzko zuzenketak bozkatuko dituzte gaur Kongresuan, adingabeen autodeterminazioa ezbaian dela

PSOE-Unidas Podemos koalizio gobernuaren barruan arrakala sortu da adingabeen autodeterminazioa tarteko. 12 urtetik 16 urtera bitarteko adin txikikoek sexua aldatzeko baimen judiziala behar izatea nahi dute sozialistek.

LGTBI kolektiboaren manifestazioa Madrilen (artxiboko argazkia). EFE
LGTBI kolektiboaren manifestazioa Madrilen (artxiboko argazkia)
LGTBI kolektiboaren manifestazioa Madrilen (artxiboko argazkia). EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordean trans legearen inguruko zuzenketak eztabaidatuko dituzte gaur arratsaldean. Gaur-gaurkoz, ez dago akordiorik gai honen inguruan Espainiako Gobernua sustengatzen duten PSOE eta Unidas Podemos taldeen artean.

Adingabeen autodeterminazio eskubideak eragin du koaliziokideen arteko arrakala. Izan ere, 12 urtetik 16 urtera bitarteko adin txikikoek sexua aldatzeko baimen judiziala behar izatea nahi dute sozialistek. Onartutako lege aurre proiektuaren arabera, ordea, adingabeek eurek eska dezakete aldaketa, epaile baten onespenik gabe. Gainera, sexu aldaketa lehengoratzeko onespen judiziala behar izatea ere eskatzen dute sozialistek.

Trans legeari egindako zuzenketak gaur bozkatuko dituzte Berdintasun Batzordean. Itxuraz, litekeena da sozialisten zuzenketak Alderdi Popularraren babesarekin aurrera ateratzea. PP adingabeen autodeterminazioa mugatzearen alde agertu da, nahiz eta ez duen testua osorik babesteko asmorik agertu.

PPk sozialisten zuzenketak babesteko aukerak zalantzan jartzen du arauaren onarpena bera ere. Unidas Podemosen iritziz, adingabeen autodeterminazioari muga jartzea "atzerapausoa" da "Ministroen Kontseilutik atera zen testuarekiko". Testu hori Espainiako Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek adostu zuten.

PSOEk aurkeztutako zuzenketak PPren babesarekin aurrera aterako balira zer gertatuko litzatekeen galdetuta, Unidas Podemoseko iturriek adierazi dute ez dutela erabakirik hartu balizko egoera horren inguruan.

Berdintasun Batzordearen galbahea igaro ondoren, araua Diputatuen Kongresuko osoko bilkurara iritsiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak PSOE Espainiako Gobernua argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI