Gizartea -
OSAKIDETZA
EH Bilduk Tolosaldeko azpiegitura berriari buruzko azalpenak eskatu dizkio Sagarduiri
Azpiegitura berrian zer kirurgia mediko egitea aurreikusten den argitzeko eskatu du koalizio independentistak, planean planteatzen diren "zerbitzu asko gaur egun Asuncion Klinikak eskaintzen dituelako".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tolosalderako aurreikusten den osasun azpiegitura berriaren inguruan argibideak eskatu dizkio EH Bilduk Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.
Galdera parlamentario batean, alderdi subiranistak gogorarazi du aspalditik eskatzen dela eskualdean ospitale publiko bat eta sailburuak aurrekontuen aurkezpenean iragarri zuela duela gutxi amaitu dela plan funtzionalaren idazketa.
EH Bildutik zehaztu dutenez, osasun-azpiegitura berriak izango dituen zerbitzuen zerrenda jasota, "kirurgia anbulatorio handiak" agertzen direla aipatzen da.
Hori dela eta, EH Bilduk Sagarduiri eskatu dio argitzeko, zehazki, zer kirurgia mediko egitea aurreikusten den azpiegitura berrian, "planteatzen diren zerbitzu asko gaur egun Asuncion Klinikak eskaintzen dituelako". "Zer gertatuko da orain Asuncion klinikak eskaintzen dituen zerbitzu horiekin guztiekin (kardiologia, pneumologia, dermatologia edo neurologia), non egingo dira kirurgia orokorra, aparatuarena, ortopedikoa eta traumatologikoa?", galdetu du.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun arduradun nagusiari eskatu dio azal dezala zer gertatuko den Tolosako anbulatorioko egungo zerbitzuekin, zerbitzu horiek osasun-azpiegitura berrian emango badira. Halaber, zenbat ohe izango dituen argitzeko ere eskatu du.