Gizartea -
osakidetzako krisia
Donostialdeko ESIaren gatazkaren aurrean lasai agertu da Urkullu; uste du arazoa "bideratu" daitekeela
Osakidetzako krisia piztu zenetik lehenengoz hitz egin du lehendakariak, eta zuzendaritzako kargugabetzen arrazoia "elkarrekiko konfiantza eza" izan dela berretsi du.
eitb media
Iñigo Urkullu lehendakariak Donostialdeko ESIaren krisiak eztanda egin zuenetik lehenengoz bere iritzia plazaratu du Osakidetzaren kargugabetzeen inguruan. Eusko Legebiltzarraren atarian hitz egin du gaur, ostirala, ospitaleko zuzendari nagusien kargugabetzea konfiantza-arazoengatik egin dela berretsiz: "Hainbat bileratan aipatu den planteamendu parte-hartzaile eta estrategiko batean, aldebiko konfiantzarik ez dagoenean, logikoena horrela konpontzea da".
Era berean, Osakidetzan piztutako gatazka "bideratzeko" aukeraren aurrean baikor agertu da lehendakaria, eta "lasaitasun" mezua helarazi dio euskal gizarteari, "osasun-arretaren kalitatea, egitura eta antolaketa hobetzeko" helburuarekin bat egiten dutelako. "Hor dago gakoa, eta adostasunean; horregatik, ez nago kezkatuta", adierazi du.
Bestalde, ziurtatu du Donostia Ospitalearen berregituraketan ez dagoela arazorik. Are gehiago, jakinarazi du zentroaren erreferentzialtasuna handitzeko lanean dihardutela.
Osasun sailburuaren dimisio eskaeren inguruan galdetu diotenean, hori "askotan" eskatzen dela esanez amaitu du prentsaurrekoa.