Gizartea -
nafarroa
Hainbat erkidegotan, tartean Nafarroan, etxebizitzak lapurtzen zituen banda bat desegin dute
Zazpi pertsona atxilotu dituzte, 800 000 euro inguruko 40 lapurreta egitea leporatuta.
eitb media
Guardia Zibilak hainbat probintziatako etxebizitzak lapurtzen zituen erakunde kriminal bat desegin du. Zazpi pertsona atxilotu dituzte, gutxienez 40 lapurretatan bitxiak, eskudirua eta teknologia lapurtzeagatik (800 000 euro inguru).
Rovisa izeneko operazioa iragan martxoan hasi zen, Salamancako hainbat etxebizitzatan lapurretak egin zirenean, eta horrek alarma sozial handia eragin zuen herritarren artean. Guardia Zibileko agenteek susmatu zuten egileak Espainiako Estatuko hainbat tokitan zenbait eraso egin zituzten berberak izan zitezkeela.
Poliziaren lanari esker jakin ahal izan zen taldeak espezializazio handia lortu zuela denboraren poderioz, eta modu ibiltarian jardun zuela. Valentziako Gandia herriko operazio-base batetik Espainiako hainbat lekutara joaten ziren jendea bizi zen etxebizitzetan indarrez lapurtzeko.
Salamancako Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak zuzendutako ikerketak iraun duen bitartean, egiaztatu ahal izan da atxilotuek gutxienez 40 delitu-egitatetan parte hartu zutela Salamancan, Valladoliden, Leonen, Palentzian, Errioxan, Nafarroan eta Zaragozan, 800 000 euro inguruko balioa zuten lapurtutako objektuekin.