Gizartea -
Gizateriaren jatorria
Europako 'Homo sapiens' zaharrenaren aztarnak Gironan daude
Orain arte, kontinenteko gure espezieko gizabanako zaharrena Errumanian zegoen, baina nazioarteko ikerketa talde batek 'Journal Of Human Evolution' egunkarian argitaratu duenez, Banyolesko masailezurra sapiens batena da, eta ez neandertal batena.
Mikel Dominguez | EITB Media
Gure espezieak (Homo sapiens) Europan utzi dituen aztarnarik zaharrenak Banyolesen (Girona) daude, nazioarteko ikerketa talde batek egindako ikerketa baten arabera. Ikerketa horretan Juan Luis Arsuaga Burgosko Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoa dago.
Zehazki, AEBko eta Espainiako ikertzaileek Kataluniako harrobi batean 1887an aurkitutako giza masailezurra aztertu dute berriro.
Oraingoan, fosilari falta zaizkion zatiak berreraiki dituzte, ordenagailu bidezko tomografia batean lortutako irudien bitartez, eta, morfometria geometrikoaren bidez alderatu ondoren, ondorioztatu dute ez dagokiola Homo neanderthalensis bati, orain arte uste zen bezala, anatomikoki modernoa den gizaki bati baizik.
"Ez da neandertala. Bere morfologia ia osoan gizaki modernoa da. Hala ere, ez da kokotsik ikusten, eta, beraz, ezin da baztertu arbaso neandertalen bat izatea", Arsuagak azaldu duenez.
Masailezurrak 45.000 eta 65.000 urte artean ditu, eta, beraz, kontinenteko sapiens zaharrena izango litzateke. "Orain arteko Homo sapiens-en Europako fosil zaharrena, Pestera cu Oase 1 zen, Errumanian, baina guk baieztatzen dugu Banyoles zaharragoa dela", esan Arsuagak.
Orain, azterlan honen ondorioak "antzinako DNA edo proteomika analisien bidez" egiaztatu beharko dira.