Gizartea -

Donostialdeko ESIa

Zerbitzuburuek Donostialdeko ESIa "ez zatikatzea" eskatu eta marra gorririk gabeko elkarrizketa eskaini dute

Asteazkenean emandako prentsaurrekoan, hainbat bozeramailek galdegin dute, besteak beste, Onkologikoaren integrazioa ESIan, eta aldeztu dute beti lan egin izan dutela "sarean", Eusko Jaurlaritzak eskatu duen bezala.

Prentsaurrekoa eman duten profesional batzuk. Argazkia: EFE.
Prentsaurrekoa eman duten profesional batzuk. Argazkia: EFE.
Donostialdeko ESIko buruek Jaurlaritzari ohartarazi diote elkarrizketarik ezean 'arazoak eztanda egingo' diola

2:19

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko ESIko zenbait zerbitzuburuk eta medikuk ESIa "ez zatikatzeko" eskatu dute asteazkenean, Donostian emandako prentsaurreko batean, eta, halaber, marra gorririk gabeko elkarrizketa eskaini diote Osakidetzari. Horrez gain, besteak beste, galdegin dute Onkologikoaren integrazioa ESIan, eta aldeztu dute beti lan egin izan dutela "sarean"; Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du horixe izan dela eta badela Osakidetzan jarraitu beharreko lan modua. 

Testuinguru honetan, Donostialdeko ESIko sei medikuk prentsaurrekoa eman dute, Erakunde Sanitario Integratuko beste profesional batzuen ordezkari gisa ere; hain zuzen, Jose Maria Enriquez Navascues, Adolfo Lopez de Munain, Miren Telleria, Jon Zabaleta, Cristina Berecibar eta Mariate Rodrigo medikuek egin dute agerraldia. Prentsaurrekoaren helburua izan da azken egunotan gertaturikoaren gaineko iritzia ematea, eta, halaber, euren proposamena zehaztea. Hala, hasi dira adierazten ez daudela ados Osakidetzak hartutako erabakiekin; izan ere, Osakidetzak ESIko Zuzendaritzako hainbat kargu ordezkatu ditu, baina, esan dutenez, ez du azaldu kargugabetze horien arrazoia: "Konfiantzarik eza aipatu dute", nabarmendu du Adolfo Lopez de Munain Donostia Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak, "baina ez dute azaldu horren zergatia".

Donostia Ospitalean 47 zerbitzuburu daude, eta horietako 42k babesa eman diete prentsaurrekoan izan diren medikuei. Azken horiek ziurtatu dute kargugabetzeek "sutea izateko arrisku handia zuen lurralde bat sutu" egin dutela. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ez badu erakusten elkarrizketa egiteko asmorik, "segur aski, arazoak eztanda egingo dio Jaurlaritzari". Gogora ekarri dutenez, hauteskunde garaiak izango dira aurki, eta, haien iritziz, "suizidioa da Gobernu baterako, kolorea gorabehera, honelako kontuei ez ematea arretarik", ohartarazi du Lopez de Munainek.

Lopez de Munianek Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak izan ditu hizpide; izan ere, Zupiriak azpimarratu du, asteazken eguerdian, Osakidetzak "sarean" egin behar duela eta egiten duela lan. Neurologia Zerbitzuko buruak gogora ekarri duenez, Donostialdeko ESIa, "Donostialdea eskualdeari zerbitzua emateaz gain", hau da, 400.000 bat herritarri, ondorengo gipuzkoar ospitaleekin ere koordinatu egiten dela: Bidasoa, Zumarraga eta Mendaro. Halaber, Bizkaiko osasun zentro batzuekin ere badabil elkarlanean, bai eta Arabako Unibertsitate Ospitalearekin eta Nafarroako Ospitalearekin ere: "Beti jo izan dut ohikotzat", esan du, elkarlanean egindako lan horretaz.

Zenbaiten iritziz, asmoa da erreferentzia zerbitzu batzuk Donostialdeko ESItik Gurutzetako Ospitalera lekualdatzea; horren harira, Lopez de Munainek ziurtatu du "hartuta dagoen erabakia" dela: "Gauzatzeko neurriak abiatu dituzte", adierazi du.

Komunikazio bidea

Era berean, kritiko azaldu da Jaurlaritzak egindako dei batekin; hain zuzen ere, ESIko profesionalei eskatu die krisia ez zabaltzeko komunikabideetan: "Komunikabideek", aldeztu du, "paper jakin bat dute, eta guk ez dugu biderik Sailarekin hitz egiteko", Zuzendaritza ia osorik kargugabetu dutelako. Nolanahi ere, berretsi egin du "komunikazio bide hori" topatzeko asmoa dutela: "Ez dugu zalantzarik, arlo askotan ados egongo gara", esan du, balizko komunikazio horren harira.

Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko taldeko ordezkariek hainbat puntu zehaztu dituzte, argitzeko zer eskatu eta proposatzen duten. Hala, lehenik eta behin, galdegin dute ESIa "ez zatikatzeko", eta Onkologikoa bertan integratzea. Jarraian, mahaigaineratu dute beharrezkoa dela mahai aholku-emailea ezartzea; mahai horrek erabaki estrategikoak izango lituzke aztergai, esaterako Erreferentzia Unitateak edo Goi Teknologiak kokatzea; erabaki horiek "irizpide teknikoak eta egokitasuneko irizpideak" kontuan izanik hartu beharko lituzkete: "Taldeetako lana, ibilbidea eta esperientzia" izango lirateke irizpideak. Horrez gain, eskatu dute "giza baliabideetako kudeaketa deszentralizatzea" ere; haien iritziz, kudeaketa hori ESIen esku egon beharko litzateke, beste behin.

Profil espezializatuak egon beharko liratekeela adierazi dute, eta eskatu dute Lan Eskaintza Publikoak eguneratzea. Azkenean, azpimarratu dute garrantzitsua dela Lehen Arretako profesionalekin elkarlanean ibiltzea: "Egoera konplexuan daude", argudiatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Donostia Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Terapeutika-profesionalak Donostia Unibertsitate Ospitalea Lan gatazkak gaur