Gizartea -
TREN ISTRIPUA
Gutxienez 150 pertsona zauritu dira Bartzelonan, bi trenen arteko talkan
Istripua 08:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu da, Montcada i Reixac geltokian, Bartzelonarako bidean zihoan tren batek geltokian zegoen beste bat atzetik jo duenean.
EITB MEDIA
Gutxienez 150 bidaiari zauritu dira gaur goizean Bartzelonako Montcada i Reixaceko geltokian, R4 lineako bi trenek talka egin ostean.
Istripua 08:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu da, Bartzelonarako bidean zihoan tren batek Montcadako geltokian zegoen beste bat atzetik jo duenean, Renfek jakitera eman duenez.
Linea horretako zirkulazioa geldirik egon da, baita R7 eta R12 lineetakoa ere, bi noranzkoetan. Renfek adierazi duenez, berrezarri dute zirkulazioa, baina Montcada Bifurcació eta Terrassa (Bartzelona) arteko bide bakarraren bidez egiten ari dira, bi noranzkoetan.
Oraindik ez dakite zerk eragin duen istripua.