Gizartea -
krisia osakidetzan
PSE-EEk gardentasunaren eta elkarrizketaren alde egin du, Osasun Sailean gatazkak saiheste aldera
Era berean, sozialistek azpimarratu dute bestelako zentzu batean egindako jarduerarik "ez dutela partekatuko".
eitb media
Donostialdeko ESIan sortutako krisiaren ondorioz, euskal sozialistek edozein osasun-berrantolaketaren aurrean gardentasunez jokatzearen garrantzia azpimarratu dute, bai eta profesionalekiko inplikazioa eta elkarrizketa sustatzea ere, egun izaten ari diren gatazkak saihesteko, EITBk PSE-EEko iturrietatik jakin ahal izan duenez.
Era berean, gaineratu dute sozialistek aspaldi mahaigaineratu zituztela osasun publikoko hainbat auzi; hala nola, langile eta baliabide gehiagoren beharra eta egitura covid osteko errealitatera egokitzea, lehen arretaren normaltasuna ahalik eta lasterren berreskuratzeko. "Gure apustua euskal osasun publikoak bere historian zehar izan dituen kalitate-estandar oso altuak bermatuko dituen Osakidetza baten alde eta herritarrengandik hurbilago dagoen osasun baten alde egitea da", azpimarratu dute sozialistek, Gobernu Akordioan hala jasotzen dutela gogoratuz.
Horregatik, bestelako zentzu batean egindako jarduerarik "ez dutela partekatuko" nabarmendu dute, aurretik, beste kasu batzuetan egin duten bezala; esaterako, sailburuak lehen mailako arretaren etorkizunari buruz egindako adierazpenen ondoren sortutako polemikan.