Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
Auzitegi Gorenak bederatzi urtera igo du Arandina auzikoen zigorra
Fiskaltzak aurkeztutako helegiteari men egin dio auzitegiak, baina fiskalak eskatutako zigorra baino urtebete gutxiago ezarri du. Epaileek argudiatu dutenez, "Bai bakarrik da bai" legea zigortutakoaren mesederako aplikatu behar da.
EITB Media
Auzitegi Gorenak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri die Arandina Futbol taldeko bi jokalari ohiei 2017an adingabe bati egindako sexu erasoagatik. "Bai bakarrik da bai" legea indarrean dagoenetik, sexu erasoekin lotuta Gorenak aztertu duen lehen kasua da honakoa.
Aurrez Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak ezarritako zigorra handitu du, horrenbestez, Gorenak, Fiskaltzak eta akusazioek aurkeztutako kasazio helegiteari men eginda. Dena dela, Fiskaltzak galdegindako zigor eskaeratik behera dago Auzitegiak ezarritako zigorra (10 urtekoa eskatu zuen ministerioak). Izan ere, epaileek argudiatu dutenez, legea beti zigortutakoaren mesedetan aplikatu behar da (in dubio pro reo printzipioa).
Gorenak ohar labur batean azaldu duenez (epai osoa egun batzuk barru kaleratuko du), aurreko legean jasotakoa baino urtebete txikiagoa da zigorra, "Bai bakarrik da bai" legeari erreparatuta, zigortuarentzat mesedegarriena den zigorra ezarri behar delako. Horren harira, Auzitegi Gorenak zehaztu du Sexu Askatasuna bermatzeko lege integrala modu horretara aplikatu beharko dela aurreko legeak ezarritakoa baino zigor txikiagoa jasotzen duenean.
Dena dela, azpimarratu du kasuak "banan-banan" aztertu behar direla, eta ez modu orokortuan.
Aringarria baztertu du Gorenak
Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak 2019an emandako epai polemikoari aldeek aurkeztutako kasazio errekurtsoak dira gaur Gorenak aztertu dituenak. Emakume adingabe bati Arandinako hiru jokalari ohik egindako sexu erasoa sexu abusutzat jo zuen auzitegi horrek, aurrez Burgosko epaitegiak ezarritako zigorrak murriztuta: akusatuetako bat absolbitu zuen, eta beste biei 3-4 urteko zigorra ezarri zien, biktimaren (15 urte) eta auzipetuen (19, 22 eta 24 urtekoak) artean zegoen adin gertutasuna aringarri gisa ulertuta.
Aringarri hori da, hain justu, Gorenak gaur baztertu duena. Dena dela, Angel Luis Hurtado magistratuak emandako boto partikularra jaso du epaiak (aringarriari eustearen aldekoa zen).
Auzitegi Gorenaren ustez, eta Fiskaltzak argudiatu bezala, kasu honetan ezin zen biktimaren eta auzipetuen adin gertutasuna kontuan hartu. Izan ere, biktimaren eta erasotzaile nagusienaren artean ia 10 urteko aldea zegoen.