Gizartea -
Elikagaien Bilketa Handia
Euskadiko eta Nafarroako 73.791 pertsonak jo behar izan dute elikagai bankuetara 2022an
Aurtengoan, energiaren eta prezioen igoerak eragin zuzena izango dute. Gainera, aurreikusten da beharra duten pertsonen kopurua handituko dela.
EITB Media
Asteburu honetan, Elikagaien Bilketa Handia izango da hegoaldeko supermerkatuetan. Elikagai Bankuek deituta, herritarrek produktuak eman ahal izango dituzte. Datuen arabera, aurten, dagoeneko 9.145.637 kg banatu dira, eta 73.791 pertsonak jo behar izan dute bankuetara laguntza eske. Urtean, batez beste, pertsona batek 670 kg behar ditu bizirauteko, baina Elikagaien Bankuak ez dira hori asebetetzera iristen.
Aurtengo bilketa bi faktorek baldintzatuko dute. Alde batetik, energiaren igoerak eraginda, aurreikusten da hurrengo hilabeteetan eskatzaileen kopurua igo egingo dela, eta, bestalde, prezioen igoerek herritarren erosketa ahalmenean eragina izan dute.
Arabari dagokionez, aurten, 1.533.926 kg banatu dira 4.508 hartzaileren artean; horrek esan nahi du populazioaren % 1,3k laguntza eskatu behar izan duela. Bilketa Handirako, 650-700 boluntario izango dituzte, eta 60.000 kg jasotzea aurreikusten dute.
Bizkaian, urrira arte 3.676.300 kg banatu dira, eta populazio osoaren % 2,1ek izan du eskatzeko premia, zehazki 24.143 pertsonek jo behar izan dute bankuetara laguntza eske. Azken bi urteetan bezala, Bilketa Handian, 5.000 boluntarioren laguntza izango dute.
Gipuzkoari dagokionez, 20.449 hartzaileen artean 2.635.411 kg banatu dira dagoeneko. Populazioaren % 2,8 gerturatu da bankuren batera janaria eskatzera. Bilketa Handian, finkoak diren 180 boluntarioei 1.600 gehitzen zaizkie.
Nafarroan, orain arte 1.300.000 kg banatu dira, eta horiekin populazioaren % 3,7 diren 24.691 pertsona lagundu dituzte elikagaiak emanez. Bilketa Handirako, 1.021 boluntario behar dituzte, baina kopuru hori gainditu dute.