Gizartea -
Olatuak
Alerta laranja gaurko kostaldeko inpaktuagatik eta abisu horia bihar arte, itsasaldeko arriskuagatik
Pasaiako portuan, goizean, olaturik handienak 4 metroko altuera izan du.
Agentziak | EITB Media
Gaur, osteguna, itsasaldeko arriskuagatik abisu horia indarrean dago 24:00ak arte. Aurreikuspenen arabera, olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrotik gorakoa izan daiteke, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-3,5 metroko olatuak altxatuko ditu.
Hego haizeak, 4 indarrarekin, 5eko tarteren batekin, gauez mendebal/ipar-mendebaldera joko du, 4 indarrarekin, eta itsaso kizkurra sortuko du, itsaski-eremuekin, eta egunaren amaieran handitu egingo da itsaskia.
Pasaiako portuan, goizean, olaturik handienak 4 metroko altuera izan du.
Gainera, arratsaldean kostaldeko arriskuagatik alerta laranja ezarriko da 15:00etatik 19:00etara. Olatuen altuera adierazgarria 4 metro ingurukoa izango da, eta itsasgora 16:40an izango da, 4,63 metroko marearekin.
Ostiralari dagokionez, itsasaldeko arriskuagatik abisu horia ezarriko da 00:00etatik 24:00etara. Denbora-tarte horretan, olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrotik gorakoa izan daiteke, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-3,5 metroko olatuak altxatuko ditu. Goizaldean 3-4 arteko indarra izango duen mendebaldeko haizea zakartu egingo da eta mendebal/ipar-mendebaldera biratuko du, goizean 4-5 indarrarekin. Arratsaldean haizeak indarra galduko du eta gauean hegoaldera joko du. Itsaskirria edo itsaskia sortuko du, goizean itsaski edo itsaski handira igoko da eta gauean itsaso kizkurrera jaitsiko da.
Kostaldeko inpaktuagatiko abisu horia 03:00etatik 07:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da aktibatuta. Olatuen altuera adierazgarria 3,5 metro ingurukoa izango da, eta 05:00etako itsasgorak 4,63 metroko marea eragingo du. Halaber, 16:00etatik 19:00etara, 17:24ko itsasgoraren inguruan 4,49 metroko marea sortuko du.
Pasealeku Berria, Haizearen Orrazia eta Leizaola pasealekua, itxita
Horregatik guztiagatik, Donostiako Pasealeku Berriak ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxita jarraituko du ostegunean eta ostiralean, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.
Aipatutako iturrien arabera, "gauza bera gertatuko da Haizearen Orrazirako eta Leizaola pasealekurako sarbideekin".