Gizartea -
Arandina auzia
"Bai bakarrik da bai" legeak aukera ematen dio Fiskaltzari Arandina auzian 10 urteko zigor eskaerari eusteko
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek 4 urtera arteko zigorrak ezarri zizkien futbol taldeko bi jokalari ohiri, sexu abusua egotzita, baina Fiskaltzak eta herri akusazioak errekurtsoa jarri zuten Gorenean. Horrek egoera aztertuko du, lege berria kontuan hartuta.
M. D. | EITB Media
Fiskaltzaren arabera, "Bai bakarrik da bai" legeak Arandina futbol taldeko bi jokalariren kontrako auzian 10 urteko espetxe zigorra eskatzen jarraitzea ahalbidetzen du.
Ministerio Publikoak txosten bat bidali du, Auzitegi Gorenak eskatuta, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legeak Arandina auziko epaiari nola eragiten dion aztertzeko. Legeak sartu duen zigor tarte berria aztertu ondoren, Fiskaltzak eutsi egin dio Carlos Cuadrado, Lucho eta Victor Rodriguez, Viti jokalari ohiei zigorrak 10 urtera igotzeko egindako eskaerari. 4 eta 3 urteko espetxe zigorra ezarri zien, hurrenez hurren, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak.
Fiskaltzak azaldu duenez, sexu abusuaren delitua ezabatu zuen "Bai bakarrik da bai" legearen arabera, 16 urtetik beherako adingabearen aurkako sexu erasotzat hartuta, 10 urteko eskaerari eutsi ahal zaio, delitu hori 6 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorrarekin zigortuta baitago.
Gainera, Gorenak errekurtsoa onartzen ez badu eta Gaztela eta Leongo ANk aurreikusitako aringarria baliogabetzen ez badu, Fiskaltzak uste du lege berriak ez lukeela ekarri beharko ezarritako zigorrak murriztea.
2019ko abenduan, Burgosko Auzitegiak 38na urteko kartzela zigorra ezarri zien Arandinako hiru jokalari ohiri, 2017an adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Ondoren, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak horietako bat absolbitu zuen, eta beste biren kontrako zigorrak murriztu zituen, sexu abusu delitu baten erantzule zirela iritzita, eta ez erasorena. Gainera, aringarri bat ezarri zien auzipetuen eta biktimaren adinen hurbiltasunagatik eta heldutasunagatik. Bere garaian, epaia Auzitegi Gorenean errekurritu zuten.