Gizartea -
EUSKARAREN LEGEAK 40 URTE
Etxenike: "Legeetatik harago, euskaldun eta Euskal Herri izateko desira behar du euskarak"
40 urte bete ditu gaur Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeak. Pedro Miguel Etxenike fisikaria Hezkuntza sailburua zen orduan, eta hura izan zen legearen ehule nagusienetako bat. Legeak izandako bilakaera positiboa nabarmendu du, baina argi du arauek bakarrik ez dutela euskara salbatuko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB EUS
Trantsizioko urteak amaitzear, euskararen aldeko herri mugimenduak indarrez hazten eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzen zituzten herritarren aldarriak geroz eta ozenago kalean. Agertoki horrekin, Carlos Garaikoetxea (EAJ) buru zuen Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea abian jarri zuen, 1982ko azaroaren 24an. Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) fisikari ezagunak, orduan Hezkuntza sailburu zenak, gidatu zituen legea aurrera atera ahal izateko negoziazioak, eta lortu zuen helburua. Eusko Legebiltzarrak ia aho batez onartu zuen euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzera zetorren araua.
Lau hamarkada igarota ere, ondo gogoan ditu Etxenikek legearen hari muturrak eta ertzak, baita akordio hura ixteko egindako sukalde lana ere. "Luzea eta konplikatua" izan zen negoziazioa, baina "testu irekia, malgua eta integratzailea" ontzea lortu zutela ziurtatu du, "denek gauza askori men eginez". "Herritar guztiek arlo guztietan, edozein tokitan eta hala nahi zutenean euskara erabiltzeko eskubidea izatea nahi genuen. Euskaraz bizi ahal izatea. Ia aho batez onartu genuen legea", azaldu du.
Berehala etorri ziren Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak, baina "horri ere inteligentziaz" aurre egiten asmatu zutela adierazi du: "Legeak ezartzen zituen betebeharrak EAEko botere publikoentzat izatea lortu genuen, eta ez Jaurlaritzako menpeko administrazioan bakarrik. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zigun, eta hori lorpen handia izan zen guretzat".
Gizarte kohesiorako eta EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko bizikidetza bermatzeko bokazioarekin jaio zen legea. Orduko Hezkuntza sailburuaren arabera, "elebitasuna bermatu nahi bada, horrek beti ekarriko dizkio eragozpenak elebakarrari, baina ez injustiziak". Halaber, zientzialari nafarrak gogora ekarri du legeak "botere publikoei ezartzen dizkiela betebeharrak, eta ez herritarrei".
Ñabardurak ñabardura, Etxenikek dio legea tresna "oso baliagarria" izan dela EAEko administrazioa euskalduntzeko. "Hezkuntza aipatuko nuke bereziki, baina baita komunikazioaren alorra —EITB taldea—, eta Osakidetza. Justiziaren alorrean dago, oraindik, lanik handiena. Alor hori oso zentralizatuta dago, eta zailtasun handiak daude", esan du.
Halere, orain 40 urte legearen nondik norakoak azaltzeko egin zuen agerraldian esandako hitzak berretsi ditu: "legeek bakarrik ez dute euskara salbatuko. Herritarren euskaldun izateko gogoak eta nahiak bakarrik eutsiko diote hizkuntzari, erakundeen babesa beharrezko bizkar hezurra bada ere".