Gizartea -
EUSKADI IRRATIAK 40 URTE
Beloki: "Inoizko oparoen dago irratigintza"
Julian Belokirena izan zen Euskadi Irratian entzun zen lehendabiziko ahotsa, gaur 40 urte: "Euskadi Irratia, Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideen alorrean eman duen pauso garrantzitsua. Euskararen eta Euskal Herriaren alde". Horiek izan ziren irratiaren lehen hitzak. Pozarren gogoratu ditu.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Erronka handia zen, aurrekaririk gabekoa. Trantsizioko urteak amaitzear zirela, 24 orduz euskara hutsean arituko zen irrati kate bat abian jarri nahi zen. Ordurako, euskararen inguruko herri mugimenduak indartsu loratzen hasiak ziren, eta euskarak komunikabideak behar zituela jabetuak ziren agintariak. Euskararen Erabileraren Normalizazioaren Legea onartzearekin batera, Euskadi Irratiak bere ibilbidea abiatu zuen 1982ko azaroaren 23an. Ramon Labaien zen Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua, eta hark Jose Maria Otermini eman zion irrati publikoa egituratzeko enkargua.
Handik gutxira jaso zuen Julian Belokik (Legazpi, 1956) Oterminen deia. Herri Irratian aritutakoak biak, aurrez elkar ondo ezagutzen zuten. Kazetariak edota hizkuntza ahoz zein idatziz ongi menperatzen zuten esatariak behar ziren, eta horietako bat zen Beloki. Euskadi Irratiaren lehendabiziko ahotsa berea izan zen: "Euskadi Irratia, Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideen alorrean eman duen pauso garrantzitsua. Euskararen eta Euskal Herriaren alde". Horrela abiatu zuen saioa, eta 40 urte beranduago, hitzok entzutean "zorioneko" sentitzen dela esan du.
Kazetari lanetan hasi zen, eta irratiaren zuzendaritza hartu zuen ondoren. Atzera begira jarrita, oroitzapen gozoak baino ez datozkio Belokiri, bidean zailtasun asko izan zituztela aitortu arren. Dena zegoen egiteko, eta korapilo asko askatzeko, baina helburua oso garbi zuten: euskara hutsean arituko zen irrati katea Euskal Herri osoarentzat.
Nekez irudika zezaketen orduan gaur egungo irratia. Teknologiaren, sare sozialen eta narratiba berrien garaiotan, eta hedabide tradizionalak etorkizuna marrazteko ahalegin etengabean daudenean, "inoizko oparoen" ikusten du irratigintza, "inoiz izan duen aukera eta eskaintza zabalenarekin". "Aldarrikapen batean daude irratiak, oro har; ahotsaren indarra, podcastak… loraldi bat bizi du irratigintzak", gehitu du.
Asko egin da, baina asko dago egiteko. Ez du zalantzarik horretan legazpiarrak. Besteak beste, erdararen mundura iritsi eta erakargarri izatea lan zaila dela ondo daki, baina Radio Euskadin euskara "naturaltasunez" entzuteari aurrerapauso handia iritzi dio. "Hori lehen pentsaezina zen". Bi irrati kate —Euskadi Irratia eta Gaztea— etengabe euskaraz aritzea ere amets izatetik errealitate izatera igaro dela nabarmendu du, "mimoz zaindu beharreko errealitatea".
Halaber, Eusko Irratiak digitalizazioan aitzindari izan zirela adierazi du, eta formatu berrietara egokitzeko izan duten gaitasunean jarri du azpimarra.
Egun, entzule gisa gozatzen ari da, eta ez du ezkutatzen egistamoaren ehuletako bat izateak eragiten dion harrotasuna: "Hau zen nahi genuena, eta lortu dugu".