Gizartea -
eguraldia
Olatu handiek fronte bero berri bati bide emango diote, prezipitazio gehiago uzteko
Kostaldeak abisu horipean jarraituko du, 4 metrorainoko olatuak egon daitezkeela eta. Donostiako buiak 6,8 metroko olatuak neurtu zituen atzo.
eitb media
Azken egunetako itsaso zakarraren ondotik, fronte bero berri bat sartuko da lurraldean, prezipitazio gehiago uzteko
Euskalmetek jakitera eman duenez, gaur fronteen joan-etorriak jarraipena izango du eta goizean euria barra-barra egingo du. Goizaldean euria denera zabalduz joan da, eta tarteka zaparrada mardulak botako ditu eta momentu batzuetan etengabe egingo du.
Arratsaldean, berriz, euri gutxiago egingo du eta aterruneak luzatuz joango dira. Goizaldean, haizea, hego-mendebaldetik ipar-mendebaldera aldatuko da eta kostaldean eta inguruko zonaldeetan boladaka gogor joko du; gauean berriro ere hegoaldera aldatuko da.
Kostaldean, bezperan baino olatu txikiagoak espero dira gaur. Atzo markak ondu zituen Donostiako buiak, ia 7 metroko olatua neurtuta. Gaur, berriz, nabigaziorako arriskuagatiko abisu horia bakarrik mantenduko da, 18:00ak arte. Olatuak 4 metro ingurukoak izango dira, eta arratsalde partera, 3,5 metroren azpitik geratuko dira.
Arrazoi horregatik, Donostiako Pasealeku Berria itxita dago, olatuek jotzeko arriskua tarteko.