Gizartea -
Bizkaiko Auzitegia
Zinpeko epaimahaia aukeratuta, hasi da Zornotzako hilketaren epaiketa
Akusatuarentzat, 41 urteko gizona eta biktimaren ilobarentzat, 20 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak erailketa delitua egotzita. Horren arabera, gizonak hainbat aldiz kolpatu zuen osaba aizkora-buruaren atzealdearekin.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko Auzitegiaren 2. sekzioan gaur osatu da duela bi urte Zornotzan (Bizkaia) izandako hilketa epaituko duen zinpeko epaimahaia. Akusatuen aulkian biktimaren iloba eseriko da, osaba kolpeka hiltzea egotzita. Zazpi emakumek eta bi gizonek epaituko dute auzia.
2020ko maiatzean, Boroa auzoko baratzean lanean ari zen 66 urteko gizonaren hilketa argitzea du helburu epaiketak. Akusazioaren arabera, artean 39 urte zituen iloba baratzara joan zen eta, osaba bizkarrez zegoela, kolpeak eman zizkion aizkora-buruaren atzealdearekin.
Ilobak berak abisatu zuen Ertzaintza, eta agenteei esan zienez, biktimak istripua izan zuen rotabatorearekin. Burutik odola zeriola, buruz behera baina bere kordean topatu zuten agenteek. Biktima bi egun geroago hil zen Gurutzetako Ospitalean.
Hasiera batean istripu gisa ikertu bazuen ere, gerora ilobaren testigantzan kontraesanak eta kriminalitate zantzuak atzeman zituen Ertzaintzak, eta iloba atxilotu zuen biharamunean.
Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, erailketa delitua egotzita. Akusazio idatziaren arabera, iloba ortura joan, eta, osaba bizkarrez zegoela, aizkora-buruaren atzealdearekin kolpeak eman zizkion.
Zinpeko epaimahaia osatuta, astelehenean deklaratuko du behin-behineko kartzelaldian dagoen akusatuak. Ondoren, lekukoen eta adituen txanda izango da. Aurreikuspenen arabera, hilaren 28an bukatuko da epaiketa, eta herri epaimahaiak epaia eman beharko du orduan.