Gizartea -
''BAI BAKARRIK DA BAI'' LEGEA
La Manada auziko abokatua helegitea prestatzen ari da bost zigortuetako bati zigorra jaistea eskatzeko
"Bai bakarrik da bai" lege berriak Angel Bozaren zigorra urtebete murriztea ekar dezake. Sanferminetako talde bortxaketagatik 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten beste lau lagunekin batera.
AGENTZIAK | EITB Media
Duela hilabete pasatxo "Bai bakarrik da bai" legea indarrean sartu zenetik, hainbat bortxatzailek epaitegietara jo dute, eta hainbati zigorra murriztu diete. Ildo horretan, Agustin Martinez La Manada auziko defentsa abokatuak iragarri du helegitea prestatzen ari dela 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik kondenatutako bost gizonetako bati zigorra jaistea eskatzeko.
Agustin Martinezek baieztatu du albistea gaur goizean Andaluziako irrati kate publikoan egin dioten elkarrizketan. Defentsa abokatuak ez du prestatzen ari den helegiteari buruzko xehetasunik eman nahi izan, baina "hasiera batean, La Manadako bost kondenatuetako bati bakarrik eragingo lioke".
"Bai bakarrik da bai" lege berriak Angel Bozaren zigorra urtebete murriztea ekar dezake. 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten beste lau lagunekin batera (Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo eta Antonio Manuel Guerrero). Azken horri beste 2 urteko zigorra ezarri zioten 18 urteko Madrilgo gaztearen mugikorra lapurtzeagatik.
Lehen eskaera Gipuzkoan
Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak zigorra berrikusteko lehen eskaera jaso du, iturri juridikoek baieztatu dutenez. Iturri berberek ez dute kasuaren inguruko xehetasunik eman (Hirugarren Sekzioa aztertzen ari da), "prozedura irekita baitago" eta "oraindik ez baita ebatzi".
Oraingoz, Gipuzkoako Auzitegia da sexu-delituengatik zigorra berrikusteko eskaera jaso duen bakarra EAEn. Hala ere, eskaera formalak alde batera utzita, epaileek ofizioz jarduteko ahalmena ere badute kasu horietan.
Iturriek zehaztu dutenez, datozen egunetan Euskadiko epaileak hiru lurralde-auzitegietan biltzea aurreikusten da, jarduteko modua aztertzeko.