Gizartea -
ARAUDI BERRIA
Apustu etxeetan eta joko aretoetan sartzeko kontrolak derrigorrezkoak dira EAEn
Pertsonen sarrera "mugatzeko" sistema informatiko bat izan beharko dute aretoek Jokorako Sarrera Debekatuen Euskadiko Erregistrora konektatuta.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Apustu etxeetan eta joko aretoetan sartzeko kontrol bat igaro beharko da gaurtik aurrera EAEn. Hala, toki horietara joan nahi duen orok NANa edota identifikaziorako beste dokumenturen bat aurkeztu beharko du, eta, aretoaren sarreran, sistema informatiko baten bidez, datuok konprobatu egingo dira Jokorako Sarrera Debekatuen Euskadiko Erregistroan. Informazio guztia datuen babeserako araudiaren pean kudeatuko da.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, araudi berriaren helburua "adin txikikoek apustu etxeetara eta joko aretoetara sartzea eragoztea" da, eta baita, "Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistroan dauden pertsonei" halako lekuetarako sarrera mugatzea. Jokoarekin arazoren bat duten pertsonak edota gaitasun mugatuak dituztenak daude erregistro horretan, batzuk, eurek erabakita, eta beste batzuk, adituek gomendatuta.
Apustu etxeen eta joko aretoen gaineko araudi berria indarrean sartu zenetik —otsailak 22—, Jaurlaritzak bederatzi hilabeteko epea eman zien mota horretako establezimenduei, egokitzapenerako.
Kontrolerako sistema informatikoak ipini behar izan dituzte, batetik, eta langileek ere formazioa jaso behar izan dute. Azken horiek, dena dela, datorren urteko urrira arteko epea izango dute, Jaurlaritzak eskatuko dien habilitazioa edo ziurtagiria eskuratzeko. Doakoa da ikastaroa, eta KZ guneetan jaso daiteke, besteak beste.