Gizartea -
irulegiko eskua
Euskaltzaindiaren arabera, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak euskara proiektatzeko balio behar du
Andres Urrutia euskaltzainburuak gonbidapena luzatu dio gizarteari, "denok jakin dezagun euskara herri honetan erabat errotuta dagoela eta horren erabilera sustatu behar dugula".
agentziak | eitb media
Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, Aranguren haranean aurkitu duten K.a. I. mendeko brontzezko eskuak, baskoien hizkuntzan idatzitako inskripzioa daramanak, euskara proiektatzeko balio behar du.
Irulegiko Eskua deritzona egoera onean mantendu da, estalita eta garai horretako adobezko hesi batek zigilatuta gelditu baitzen, eta lau lerroko testua darama idatzita. Horretan, hitz bakarra identifikatu ahal izan dute, 'sorioneku', eta "baskoien hizkuntzan idatzitako" testurik zaharrena litzateke.
Hain zuzen ere, 'zorioneko' hitzarekin duen antzekotasuna gogora ekarri du hitzak. Inskripzioan jasotako gainerakoak ezin izan dituzte oraindik deszifratu.
"Aurkikuntza, horren egiazkotasuna eta euskararekin bat datorrela baieztatzekotan, mugarri berri bat izango da lurralde honetan oso presentzia zaharra duen hizkuntza dela jakitun izateko eta hedatzeko; lurralde honetako hizkuntza dela eta, hortaz, egun gizartean proiektatu beharreko hizkuntza dugula, dagokion posizioa izan dezan", esan du Urrutiak.
Gaineratu duenez, kontuan izan behar da euskara "koofiziala" izateaz gain, "Euskal Herriko gizarte sare osoan" dagoela.
Horregatik, aurkikuntza horrek euskararen sustapenean zer eragin izan dezakeen adierazteko goiz dela uste duen arren, aurretik diziplina arteko ikerketak egin beharko direlako, eta ikerketa horietarako Euskaltzaindiak babesa eskaini du, Urrutiak esan du "denok jakin behar dugula euskara herri honetan erabat errotuta dagoela eta euskararen erabilera sustatu behar dugula".
"Historia eta arkeologia oso ondo daude, baina biologia eta gaurkotasuna ere garrantzitsuak dira", esan du euskaltzainburuak.