Gizartea -
alerta meteorologikoak
100 km/h-tik gorako haize boladak erregistratu dira Bizkaiko haizeguneetan
Goizaldean, 100 km/h-tik gorako boladak neurtu dituzte Cerrojan eta Matxitxakon. Haizearen eraginez, hegazkin batek ezin izan du Bilboko Aireportuan lur hartu.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du gaur, haize bolada bortitzak izan daitezkeela aurreikusita.
Hain zuzen ere, gauerditik eguerdira arte egongo da indarrean neurria. Ordu tarte horretan, baliteke hego eta hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzea haizeguneetan, bereziki, mendebaldeko mendi eremuetan. Gainerako mendi inguruetan, berriz, 80 eta 100 km/h-ren artean ibil litezke.
Hego-mendebaldeko haize bortitzaren ondorioz, erregistratu diren minimoak epelak izan dira. Altuena Mutrikun jazo da (18,8 ºC).
Gainera, haize bortitzak ez dio lurreratzen utzi hegazkin bati Bilboko Aireportuan. Hegazkinak jatorrizko aireportura itzuli behar izan du. Aenaren arabera, hori izan da arazo bakarra.
Arratsalderako, haizeak ipar-mendebaldera biratzea eta indarra galtzea espero da.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.