Gizartea -
manifestazioa
Milioi erdi pertsona inguruk osasun publiko duina aldarrikatu dute Madrilen
Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, martxak 200.000 pertsona inguru bildu ditu, eta deitzaileek 670.000ra igo dute kopuru hori.
agentziak | eitb media
Dozenaka mila pertsonak manifestazioa egin dute gaur Madrilen osasun publikoa defendatzeko eta Isabel Diaz Ayusoren Gobernuak sustatzen duen lehen mailako arretaren "suntsiketaren" aurka.
"Madril bere osasun publikoaren alde altxatu da. Lehen mailako arretaren suntsiketaren aurka" lelopean, 200.000 pertsona inguru bildu dira, Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera. Deitzaileek 670.000ra igo dute kopuru hori.
Lau zutabe jendetsu atera dira lau puntu kardinaletatik Cibeles plazan bat egiteko, "Madrilgo auzo eta herrietako bizilagunek" deitutako protesta batean.
"Osasun publikoa", "Ayuso, dimisioa" edo "Diskurtso gutxiago eta baliabide gehiago" oihukatuz, manifestariek zapi zuriak altxatu dituzte, eta horien artean "La Pinocha" izeneko panpina handi bat nabarmendu da, Madrilgo presidentea irudikatzen duena.
Manifestariek lehen mailako arreta suntsitzea leporatu diote Ayusoren (PP) Gobernuari, eta protesta egin dute osasun arloko zenbait profesionalen lan prekarietatearen aurka eta lehen mailako arretako eta espezialitateetako itxaronaldi luzeen aurka.
Behin Cibeles plazara iritsita, adierazpen bat irakurri aurretik, minutu bateko isilunea egin dute pandemian adinekoen egoitzetan hildakoen omenez. "Ez dira heriotzak, hilketak dira", salatu dute, eta protestak estatu mailara zabaltzea eskatu dute, osasun sistema publikoa defendatzeko.
Adierazpen politikoak
Monica Garcia Mas Madrid taldeko bozeramaileak, medikua ere badenak, kazetariei esan die Ayusok aurrerapausoa eman behar duela, eta erantzukizun politikoak bere gain hartu behar dituela. "Osasun sailburua joango da, edo bera joango da; edo PPren Gobernu osoa joango da" adierazi du Garciak, eta hunkituta agertu da "Madrilgo gizartea Ayusori gauza bakar bat esateko antolatu delako, osasuna ez dela ukitzen".
Juan Lobato Madrilgo PSOEko idazkari nagusiak adierazi duenez, kutsu politikoa duen protesta dela esaten duenari familien eta osasun langileen aldarrikapenak entzun ditzala eskatu behar zaio. Ayusori "biktima izatea gustatzen zaio, baina Madrilen larrialdiak eta lehen mailako arreta desegiten ari diren familiak dira biktimak", ziurtatu du.
Martxaren ostean, hedabideei igorritako adierazpenetan, Pedro Muñoz Abrines PPren Madrilgo Asanbladako bozeramaileak "porrottzat" jo du manifestazioa. Monica Garciak esan zuenez, "manifestazioa arrakastatsua izango litzateke Madrilen babesa jasotzen bazuen, baina gaur ikusi dugu madrildarren % 99k ez dutela babestu", adierazi du.
Bestalde, UGT, CSIT Union Profesional, Satse eta Amyts sindikatuek deialdi jendetsuaren arrakasta nabarmendu dute, eta Isabel Diaz Ayusoren Gobernuari dei egin diote gogoeta egin, eta Madrilgo herriaren aldarrikapen horri erantzuteko.