Gizartea -
arabako errioxa
Kontrolpean dago Bastidan piztutako sutea
Guardia, Iruña Oka, Haro eta Mirandako suhiltzaile-parkeak lanean ari dira sugarrak itzaltzeko.
eitb media
Larunbat arratsalde honetan sute bat piztu da Bastidan (Araba). Bertan lanean ari diren larrialdi-zerbitzuek EITB Mediari jakinarazi diotenez, dagoeneko kontrolpean eta perimetratuta dago, baina ez da itzali.
Guardia, Iruña Oka, Haro eta Mirandako suhiltzaile-parkeak hainbat tokitan ari dira lanean, garrak itzaltzeko. Sutea 18:30ean gertatu da, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, hirigunearen eta Bastidako San Gines ermitaren arteko mendian.
Sutea kezka iturri izan da arratsalde osoan zehar, haizeak gogor jo duelako eta suhiltzaileentzat zaila delako garrak izan diren lekura iristea, bideak oso estuak baitira.
Suhiltzaileak kaltetutako leku guztietara iristen saiatuko dira, eta, horretarako, hondeamakina bat erabiltzen ari dira.
Laura Perez Bastidako alkateak azpimarratu duenez, sua itzaltzeko lanak gauaren zati handi batean luzatuko dira.