Gizartea -
Zirkulazioa
Hiru orduz izan dira auto ilarak Bizkaiko errepideetan, lau istripurengatik
Guztira, dozena bat auto izan dira tartean, eta ez da inor zauritu. Ilarak, 18:00etarako amaituta zeuden.
EITB MEDIA
Ostiral arratsaldeko lehen orduan, lau zirkulazio istripu izan dira Erandion eta Leioan, Getxorako noranzkoan, eta Txorierriko igarobidean, eta, horien ondorioz, ilara luzeak izan dira hainbat errepidetan. 18:00etan, baina, ilara horiek amaituta zeuden. Dozena bat auto izan dira tartean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eitb.eus-i adierazi dionez, eta, istripuen ondorioz, iturri horrek berak hala zehaztuta, ez da inor zauritu.
Segurtasun Sailaren iturriek lehen jakitera eman dutenez, Txorierriko igarobidea, Arrontegiko zubia eta A-8 autobiderako Barakaldoko sarreran izan dira auto ilarak.
Aurreneko istripuak 14:15 aldera jazo dira, Erandion eta Leioan. Txorierriko igarobidean, baina, egoera zaildu egin da handik gutxira; izan ere, beste istripu bat izan da, bi auto tartean zeudela, 14:30 aldera, lehenengo ilarak sortuta.
Ertzaintza zirkulazioa arautzen ibili da, iturri horiek esan dutenez.