Gizartea -

Epaiketa

Castroko hilketaren autopsiak "kriminalitate susmo handia" utzi du agerian

"Gorpuaren % 92 desagertuta dago. Heriotzaren kausa zein den ezin dugu esan, baina ezinezkoa da naturala izatea", adierazi du auzitegi-medikuak. Lepoa hil ostean moztu ziotela gaineratu du.

Castroko hilketaren epaiketa. Argazkia: Efe
Castroko hilketaren epaiketa. Argazkia: Efe
Castroko hilketaren epaiketa. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Castroko hilketaren auzitegi-medikuak adierazi du "kriminalitate susmo handia" dagoela gizonaren heriotzean: "Gorpuaren % 92 desagertuta dago. Heriotzaren kausa zein den ezin dugu esan, baina ezinezkoa da naturala izatea. Kriminalitate susmoa oso handia da".

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, adituak azaldu du garezurrak "lesioak" dituela "atzean, aurrean, eskuinean eta ezkerrean", eta horrek esan nahi duela "hil ostean" moztu ziotela lepoa, "biktima geldirik" zegoela.

Akusatuak 64 urte ditu orain, eta Sevillan jaio zen. Duela urte batzuk, Castro Urdialesera (Kantabria) joan zen bizitzera. Han ezagutu zuen Jesus Mari, 67 urteko banku langile ohia. Biktimak Bilbon, Balmasedan eta Laudion lan egin zuen.

Apirilean Jesus Mari desagertu ondoren, irailean, Carmenen lagun batek Guardia Zibilari jakinarazi zion kirats handia ateratzen zela emakumeak etxera eraman zion kutxa batetik.

Lagun horrek bere etxera hurbildu ziren poliziei aitortu zien Carmen Merinok esan ziola kutxan jostailu sexualak zeudela, eta etxetik atera nahi zituela, Guardia Zibilak miatu egin behar zuelako bikotekidea desagertu zenean.

Agenteek kutxa ireki zutenean, hilabete batzuk lehenago desagertutako gizonaren garezurra aurkitu zuten barruan.

Haren bikotekidea biharamunean atxilotu zuten, eta ordutik, behin-behineko espetxealdian dago Santoñako El Dueso espetxean, eta behin baino gehiagotan uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari.

"Interes ekonomikoak bultzatuta"

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta uste du Carmen Merinok "interes ekonomikoak mugituta" antolatu zuela bikotekidea hiltzeko plana.

Gaineratu duenez, krimena etxe barruan egiteko prestatu zuen, lekukorik egon ez zedin, eta gizonari lasaigarri bat eman zion lokartzeko.

Halaber, Fiskaltzak 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu du biktimaren lau seniderentzat (bi seme-alabak, anaia eta lehengusua), kalte moralengatik.

Akusazio partikularra, gizonaren bi semeak ordezkatzen dituena, bat dator Fiskaltzaren zigor eskaerarekin. Erantzukizun zibil gisa, 70.000 euroko kalte-ordaina eskatu du.

Defentsak, aldiz, akusatuaren absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez duela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Giza hilketak