Gizartea -
Bergara (Gipuzkoa)
AP-1 Gasteizerako noranzkoan astelehenera arte itxita, Lesarri tunelaren sabai zati bat behera etorri ondoren
Trafikoa dagoeneko bypass bidez bideratu dute tuneletik Maltzagarako noranzkoan. Luiziak ez du ibilgailurik harrapatu, baina hiru autok talka egin dute, aurrekoak frenatu behar izan duelako. Aurreikuspenen arabera, datorren astelehenean irekiko dute berriro tunela.
EITB Media
Bergarako (Gipuzkoa) Lesarriko tunelaren sabai zati bat behera etorri da. Hormigoi puskek AP-1 autobidea kaltetu dute, eta bidea itxita dago Gasteizerako noranzkoan. Gertakaria 15:30 aldera jazo da. Auto ilara luzeak izan dira bertan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek Radio Euskadiri zehaztu diotenez, errepidea itxita egongo da, Gasteizerako noranzkoan, datorren astelehenera arte.
Bidegi Gipuzkoako azpiegitura elkarteak jakinarazi duenez, trafikoa bypass bidez bideratu da tuneletik Maltzagarako noranzkoan.
Luiziak ez du ibilgailurik harrapatu, baina hiru autok talka egin dute, aurrekoak frenatu behar izan duelako. Bidegiko teknikariek zonaldea ikuskatu eta kalteen balorazioa egin dute. Ertzaintzako iturriek eitb.eusi jakitera eman diotenez, ibilgailu horietan zihoazen hiru pertsonak zauri arinak izan dituzte, antza denez, kolpeak.
Beharrezko makineria ekarri dute jadanik, luizia lehenbailehen konpontzen hasteko. Aurreikuspenen arabera, datorren astelehenean irekiko dute berriro tunela. Tarte horretarako, zirkulazioa bypass bidez ezarri da tuneletik, Maltzagarako noranzkoan.