Gizartea -
ES-ALERT SISTEMAREN PROBA
Bilbon probatu dute larrialdi kasuetarako sakelakoetara heltzen den alerta sistema
Txurdinaga eta Begoña auzoetan eta inguruetan egon diren herritarrek mezua jaso dute. Gailua soinuka hastearekin batera, mezu bat jaso dute SOS DEIAK egindako ES-alert sistemaren aktibazio proba dela esaten.
EITB MEDIA
Bilboko Txurdinaga eta Begoña auzoetan gaur goizean zeuden herritarrek alerta mezua jaso dute, Eusko Jaurlaritzak larrialdi kasuetarako probatzen ari den alerta sistema baten simulakroan.
Eusko Jaurlaritzak, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bitartez ES-Alert sistemaren eraginkortasuna probatu du herritarrei abisuak emateko.
EITB Mediak egiaztatu ahal izan duenez, batzuek ez dute mezurik jaso, eta beste batzuek, ordea, hiru aldiz ere bai.
Gailuek soinu bortitza egiteaz gain, mezu lasaigarri bat ere jaso dute herritarrek, proba zela adierazteko. Honakoa zioen mezuak: "112 SOS DEIAK EUSKADIK EGINDAKO ALERTA MASIBOEN AKTIBAZIO-PROBA. Ez erantzun mezu honi. Ez deitu 112 telefonora. Larrialdi-hondamendi egoeretan sakelako telefonoen alerta sistema probatzeko mezu bat da. Mila esker. Mezua irakurri ondoren, sakatu Onartu pantailatik ezabatzeko".
Euskadik, 2020tik, bere sistema propioa du herritarrei abisatzeko 112 SOS Deiak aplikazioan integratua; beraz, ekimen berriak, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak babestua, EAEn jada ezarrita dauden babeserako tresnak osatuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du SOS Deiaken appak, beste funtzionalitate batzuen artean, herritarrei zuzendutako alerta goiztiarreko sistema dakarrela, zeinaren bidez arrisku egoeren abisu zehatzak jaso daitezkeen, pertsonak dauden lekuaren araberakoa.
Gaurko probaren emaitzak aztertuko ditu orain Segurtasun Sailak sistema lehenbailehen abian jartzeko.