Gizartea -

HEZKUNTZA

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak prestakuntza humanistan egiten du azpimarra

Gaur onartu den Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak 513 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten du datozen hiru urteetarako.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Argazkia: Irekia
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana onartu dute gaur goizean, Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketaren arloan datozen 3 urteetan gauzatuko diren politikak zehazten dituena. Plan berriak gizakia ardatz hartuko duen prestakuntza humanistan azpimarra egiten du, digitalizazioak eta adimen artifizialak "potentzial ikaragarria" duten testuinguruan.

Egitasmoak 15 esku-hartze arlo, 55 jarduera-ildo eta 297 ekintza zehatz biltzen ditu eta horiek gauzatzeko 513 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten du datozen 3 urteetarako.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskerrak eman dizkie Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana adosteko lan egin duten erakunde eta organismo guztiei. Lanbide Heziketak dituen aukeren eta erronken inguruan hitz egiterakoan, eraldaketa testuingurua, iraultza teknologia, eredu ekonomikoaren eta sozialaren aldaketa eta digitalizazioan eta sistema adimendunetan oinarritutako eredua aipatu ditu.

Bildarratzen iritziz, Lanbide Heziketak pertsonak prestatzeko eta horiei laguntzeko erronka du aurretik "eraldaketa horretara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak gara ditzaten". Ildo horretan, gizakia ardatz hartuko duen prestakuntza humanista nabarmendu du Hezkuntza sailburuak. "Robot batek, adimen artifizialeko sistema aditu batek edo automatismo batek prozesu jakin batean pertsona bat ordezkatzen duen bakoitzean, teknologiaren eta gizateriaren arteko harremanen agertoki berri bat sortzen da, eta hor pertsonen talentuak garrantzi handiagoa izango du", gaineratu du.

Hori guztia dela eta, beharrezko ikusten du Lanbide Heziketako ikastetxeak eraldatzea. Bildarratzek azaldu duenez, "ikastetxe mota berri bat behar da, begirada etorkizunean jarria izango duena, antolatua eta erakunde adimendun gisa kudeatua, jarduteko eta lan egiteko beste modu batekin, ezagutza sortuz eta partekatuz eta lankidetza-sareetan parte hartuz arituko dena, giza garapen  iraunkorrerantz aurrera egiteko helburu lehenetsita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza LH azken ordukoa