Gizartea -

ERREFUXIATUAK

Aita Marik atzeratu egin du Mediterraneoko erreskate misioa, Italian ontzia "atxilotu" dezaketelakoan

Castelloko Itsas Kapitaintzak gobernuz kanpoko erakundeari eskatu dio urtea amaitu arte Espainiako uretan egoteko, Italiako gobernu berriaren jarrera "hobeto ezagutzeko" zain.

Aita Mari erreskate-ontzia. Artxiboko irudia.
Aita Mari erreskate-ontzia. Artxiboko irudia.
Aita Mari erreskate-ontzia. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari salbamendu humanitarioko ontziak "aldi baterako" atzeratu du bere hurrengo erreskate misioa, Castelloko Itsas Kapitaintzak "ezohiko" eskaera egin baitio, Italiako gobernu berriak migrazioaren inguruan duen jarrera "hobeto ezagutzeko" eta, horrela, Espainiako ontzi sektoreari kalte egitea saihesteko.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak ostiralean amaitu zituen aipatutako Itsas Kapitaintzaren ikuskapen zerbitzuaren bisitak, eta emaitza "ona" izan da. Hori dela eta, aste honetan emango dizkiote ontziari nabigatzeko ziurtagiriak.

Hala ere, GKEak ohar batean azaldu duenez, Mediterraneoko jarduera oraingoz bertan behera uzteko eskatu dio itsas agintaritzak, "Italian eskuin muturreko gobernu berriak har ditzakeen neurrien inguruan dagoen ziurgabetasuna dela eta".

Parisko Memorandum of Understandingen arabera, hemendik urte amaierara ontzi bat atxilotzea "ondorio suntsitzailea izan liteke Espainiako ontzi sektorearentzat" gaur egun segurtasun arloan duen kategoria galduko lukeelako; orain, zuria du, flotarentzat segurtasun handiena bermatzen duena.

Hori dela eta, "Aita Mari arrazoi politikoengatik Italian atxilotua izateko duen aukera ikusita" eta "enpleguetan eragina izan dezaketen ehunka pertsonari eta, oro har, Espainiako ontzi sektoreari elkartasuna adierazteko", Aita Marik onartu du salbamendu eta laguntza humanitarioko itsasontzia Espainiako uretan egotea urtea amaitu arte

Gaur egun, Giorgia Meloniren gobernua Ocean Viking eta Rise Above erreskate ontzietan dauden ehunka pertsonen lehorreratzea atzeratzen ari da.

Azpimarratu duenez, lehorreratzea ukatu zaie, "ez itzultzeko printzipioa argi eta garbi bete gabe", eta, gainera, "tratu iraingarria eta ankerra eman zaie migrazio prozesu luze eta neketsu batetik bizirik atera diren pertsonei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari Mediterraneo itsasoko kostaldea