Gizartea -
Hiru urtera arte
Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza unibertsala izango da, eta azkenean ez dute errentari lotu
Hasiera batean, urteko 100.000 eurotik beherako errenta zuten familietara mugatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Agentziak | EITB Media
Hilean 200 euroko eta seme-alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, diru-laguntzak unibertsalak izango dira azkenean, eta ez dira familien errentari lotuta egongo, Eusko Jaurlaritzak hasieran iragarri bezala.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, laguntza horiek 2023ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginarekin emango dira.
Hasiera batean urteko 100.000 eurotik beherako errenta zuten familietara mugatu zuten laguntza. Aurreikusitako baldintzei buruzko irizpide-aldaketa horren berri gaur eman du Artolazabalek, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean.
Sailburuak datorren urterako aurrekontu-proiektua aurkeztu du Ogasun Batzordean, eta iragarri du Jaurlaritzak 2023tik aurrera emango dituen laguntzak, 200 eurokoak, "unibertsalak" izango direla.
Artolazabalek azaldu duenez, prestazioak "eskubide subjektibo" gisa hartuko dira, eta, beraz, "familia guztietara iritsiko dira, edozein dela ere haien egoera".
Artolazabalek azpimarratu du sistema hori martxan jartzeak "ahalegin ekonomiko handia" suposatuko diola Jaurlaritzari. Erantsi duenez, ekimen horren emaitzak positiboak badira, laguntzak "zabal" litezke, gaur egun hiru urtera arteko seme-alabetara mugatuta baitaude.
Laguntzak, 'Erronka Demografikorako 2030erako Estrategian' jasotzen denez, bateragarriak izango dira 4 eta 7 urte bitarteko familia ugarientzako egungo prestazioekin, egungo zerga-kenkariekin eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren seme edo alabagatiko laguntzekin.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2023ko aurrekontua % 22 handituko da aurtengoarekin alderatuta, 638 milioi eurora iritsi arte.