Gizartea -
HEGALDIAK
Aire espazioan murrizketak eragin dituen suziri txinatarra Ozeano Barean erori da
Ordubetez, ez da hegazkinik atera, ezta iritsi ere Nafarroako, Errioxako, Aragoiko, Kataluniako eta Balear Uharteetako aireportuetan. Beste aireportu batzuetan ere ondorioak izan ditu, atzerapenekin.
EITB Media
Enaire Espainiako aire nabigazioaren kudeatzaileak bertan behera utzi ditu gaur goizean aire espazioan ezarri dituen murrizketak. Kontrolez kanpo zegoen Txinako suziri baten hondarrak atmosferan sartu direlako hartu du erabakia, baina arriskua igarota, debekua altxatu du.
Gaur goizean, Txinako CZ-5B espazio objektuaren orbitaren bi aldeetan 100 kilometroko aire eremua ixteko agindua eman du Enairek. Ondorioz, Nafarroan, Gaztela eta Leonen, Errioxan, Aragoin, Katalunian eta Balear uharteetan, aire jarduera eten dute 08:38tik eta 09:38ra.
Suziriak 17 eta 19 tona arteko pisua du, eta, une oro, Espainiako eta nazioarteko hainbat erakundek egin dute bere jarraipena, Enairek ohar batean adierazi duenez.
Arriskua igarota, 10:30ak aldera, aireportuak apurka-apurka lanean hasi dira. Hala ere, aire nabigazioaren kudeatzaileak azaldu duenez, zirkulazioa eteteak atzerapenak eragingo ditu egun osoan, eta ez soilik aipaturiko aireportuetan.
Adibidez, Aenak jakinarazi du atzerapenak izan direla Bilboko aireportuan programatutako hainbat hegalditan. Zehazki, atzerapenarekin iritsi dira Sevillatik, Alacantetik, Tenerifetik, Lisboatik, Madrildik, Frankfurtetik eta Istanbuletik zetozen hegaldiak. Bestalde, Madrilera zihoan hegaldi bat aurreikusi baino beranduago atera da, eta Bilbotik Malagara joatekoa zen beste hegaldi bat Santanderrera desbideratu behar izan dute.
Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren arabera, kontrolik gabeko suziri txinatarra Ozeano Barearen hegoaldean erori da.
BIDEOA: Long March-5B Txinako espaziontziaren zatiak eragindako kaosa ulertzeko gakoak
BIDEOA: Ehunka mila zabor zati dabiltza kontrolik gabe lurraren inguruan biraka