Gizartea -
GRIPEA
Herritar orok eska dezake gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua Osakidetzan
Orain arte, Osakidetzak gripearen aurkako 330.788 dosi jarri ditu kolektibo zaurgarrienetan. Dagoeneko, eska daiteke hitzordua Osakidetzaren webgunearen bitartez edo osasun zentrora deituz.
EITB Media
Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa kanpainarekin jarraitzen du, eta, gaurtik aurrera, herritar orok hitzordua eskatu ahalko du, kolektibo zaurgarri bateko kide izan ala ez. Urriaren 3an kanpaina abiatu zuenetik, Osakidetzak 330.788 dosi jarri ditu kolektibo zaurgarrienetan. Horietatik 255.081 pertsonak hartu dute covid-19aren errefortzu dosia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Gaurtik aurrera, nahi duten pertsona guztiei emango zaie gripearen aurkako txertoa. Hala ere, 60 urtetik gorakoei eta arrisku taldeei soilik eskainiko zaie covid-19aren errefortzu dosia Espainiako Osasun Publikorako Batzordeak ez baitu herritar ororentzat horrelakorik onartu.
Dagoeneko, gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua eska daiteke Osakidetzaren webgunearen bitartez edo osasun zentrora deituz.
Bestalde, Osakidetzak txertaketari buruzko zalantzak argitzeko informazioa argitaratu du webgunean.