Gizartea -
KLIMA ALDAKETA
2030era arte C02 isurketek hazten jarraituko dutela iragarri du petrolio esportatzaileen erakundeak
Halaber, urteroko txostenean, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak azaldu du 2045. urtera bitarte hornidura arazorik izatea nahi ez bada, 12,1 bilioi dolarreko inbertsioa egin beharko dela munduko petrolio industrian.
AGETNZIAK | EITB MEDIA
Karbono dioxido (C2) isurketen maila hazten joango da datozen urteotan eta 2030. urtean, baliteke, egonkortzen edota jaisten hastea. Hala aurreikusi du Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) gaur argitara eman duen txostenean.
'Petrolioaren Mundu Ikuspegia 2022' goiburupean, urtea amaitu bitarteko prebisioak jaso ditu erakunde horrek, eta Energiaren Nazioarteko Agentziak duela gutxi egindako aurreikuspenaren aldean —CO2 isurketek goia 2025ean joko zutela esan zuen— ezkor agertu da. "Espero bezala, mundu mailako energia eskaria pandemia aurreko mailara itzultzeak, CO2 isurien gorakada ekarri du", dio txostenak.
Hala, bertan jasotzen denez, iaz berotegi efektua zuten isuriak 1.000 milioi tona hazi ziren aurreko urteko (2020) datuekin alderatuta, ekonomiaren eta mugikortasunaren susperraldiaren ondorioz. Azken urteotako bilakaerari erreparatuta, LPEE ziur agertu da hamarkada honetan, behinik behin, ez dela lortuko CO2 isurketak murriztea, horretarako neurriak indarrean sartzen ari badira ere.
Epe motzera, hori bai, "gutxieneko egonkortze bat" izateko aukera ez dute baztertzen petrolio esportatzaileek, eta Parisko Akordioak ezarritako mailara iristea ezinezko jotzen badute ere, karbono dioxido isurketen hazkunde erritmoa apaldu egingo dela uste dute.
Halaber, urteroko txostenean, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak azaldu du 2045. urtera bitarte hornidura arazorik izatea nahi ez bada, 12,1 bilioi dolarreko inbertsioa egin beharko dela munduko petrolio industrian.