Gizartea -
trans legea
Carmen Calvok "zorrotza" den eta "haurtzaroa babestea" helburu duen trans legea defendatu du
Astelehen honetan, trans legearen harira PSOEk zuzenketak aurkeztuko ditu Diputatuen Kongresuan. Zuzenketarik nabarmenena da 16 urtetik beherakoek epaile baten baimena izan beharko dutela sexua aldatzeko.
eitb media
Carmen Calvo PSOEko diputatu eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak astelehen honetan defendatu duenez, bere alderdiak, trans legearen harira, araudi "erabat konstituzionalaren" alde egiten du, "zorrotza" eta "haurtzaroaren babeslea" izango dena. Calvok asteazkenera arte utzi du trans legeari zuzenketak aurkezteko epea.
Memoria Historikoaren ekitaldi baten ostean, Kordoban, Calvok azpimarratu du haurtzaroa "Konstituzioaren balio gorena" dela, eta gogorarazi du "Auzitegi Konstituzionalak aztertuko duen legedia" aurrera atera behar dela.
Horrenbestez, Calvok dio "erabat baliozkotu" behar dela, eta gaineratu du lege "zorrotza" eta "bermatzailea" onartu nahi dutela, "lehendik dauden eskubideak" eta, batez ere, "adingabeen eskubideak" aldatuko ez dituena, hori baita beste herrialde batzuek egin dutena, eta ondoren zuzendu behar izan dutena.
Alderdi sozialistako diputatuak esan du "hilabeteak" daramatzatela inplikatutako "kolektibo guztiak" entzuten, "medikuntzako, pediatriako, haur-psikiatriako edo psikologiako profesionalak", baita "juristak edo gurasoen elkarteak" ere, eta guztiek dutela iritzi bat gaiaren gainean.
Trans legearen harira PSOEk egindako zuzenketarik nabarmenena da 16 urtetik beherakoek epaile baten baimena izan beharko dutela sexua aldatzeko. Trans legearen jatorrizko testuaren arabera, 16 urtetik beherakoek eta 14 urtetik gorakoek sexua alda dezakete erregistroan, "beren legezko ordezkariek prozeduran lagunduta", epaile batek baimena eman beharrik gabe.
Alderdi sozialistak dio horrela legea bermatzaileagoa dela, nahiz eta Elkarrekin Podemos ez dagoen ados aldaketa horiekin. Eztabaidak jarraituko du, ziur aski; izan ere, sozialistek egindako proposamenak ez ditu kolektibo feminista batzuk asetzen, eta LGTBI mugimendua ere haserretu egin du.