Gizartea -

ELIZA KATOLIKOA

Fernando Prado, Donostiako gotzain berria

53 urteko bilbotarra, klaratarra, Teologiako irakaslea eta kazetaria ere bada. Lehen agerraldian nabarmendu du Vatikanoko II. Kontzilioa izango dela Gipuzkoako eliza gidatzeko "iparrorratza". Fernando Pradoren kargu hartze ekitaldia abenduaren 17an egingo da.

Fernando Prado Donostiako gotzain berria. Argazkia: EFE
Fernando Prado Donostiako gotzain berria
Fernando Prado Donostiako gotzain berria. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Prado Donostiako gotzain izendatu dute gaur eta, hortaz, berak beteko du Jose Ignacio Munillak duela hilabete batzuk utzitako hutsunea. 1969an Bilbon jaioa, klaratarra, Teologiako irakaslea eta kazetaria ere bada. Antza denez, Frantzisko aita santuaren gertukoa da, eta euskal hiztuna.

Gaur bertan eman dute izendapenaren berri Donostiako seminarioan egin den ekitaldian. Lehen agerraldian, Elizak aurrean dituen erronka zailak nabarmendu ditu, tartean, fedearen transmisioa. Erronkekin jarraituz, hitzez hitz esan du "egiten dena bat etorri dadila hitzez esaten denarekin".

Gipuzkoako Eliza gidatzeko "iparrorratza" zein izango den ere azaldu du: "Vatikanoko II. Kontzilioa".

1992an sartu zen Klaratarren Kongregazioan, 2000. urtean apaiztu zen, eta 2002an, Madrilera lekualdatu zuten. 2003tik, klaratarren argitalpenen zuzendari izan da.

Duela egun batzuk, hainbat hedabidek Mikel Garciandiaren izena iragarri bazuten ere, azkenean, Fernando Prado izango da.

Jose Ignacio Munilla Orihuelako (Alicante) gotzain izendatu zuten iazko abenduaren 7an, baina otsailaren 12an jabetu zen karguaz. Zortzi hilabete horietan Francisco Perez Gonzalez Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzainak gidatu du Donostiako Elizbarrutia.

Fernando Pradoren kargu hartze ekitaldia abenduaren 17an egingo da Artzai Onaren katedralean.

Fernando Pradoren agurra Donostiako Elizbarrutiari

Donostiako Elizbarrutiari zuzendutako lehenengo gutunean, Donostiako gotzain hautetsiak bere "adeitasuna eta gertutasuna" erakutsi nahi izan ditu. Halaber, mezua bidali die gizarte zibiletik herriaren onerako Gipuzkoa osoan lanean ari diren guztiei.

Pradok onartu du "oso mugatuta eta txikia" sentitu arren, Jaungoikoaren eskuetan jartzen dela "bere bidea egiteko modua bilatuko duelako". Era berean, azpimarratu du Elizbarrutia osatzen duten pertsonen otoitzean eta elkarlan konprometituan konfiantza osoa duela.

Bestalde, eskerrak eman dizkie Donostiako azken hiru gotzainei: Jose Maria Setien, Juan Mari Uriarte eta Jose Ignacio Munilla. Azkenik, Frantzisko aita santuari bere "harrera maitagarria" eta "hilabete hauetan guztietan elizbarrutiari erakutsi dion hurbiltasuna" eskertu dizkio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Gotzain Biltzarraren albisteak gaur