Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik
Labanaz zauritu du emakumea, eta Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dute biktima. Atxilotua 37 urteko gizonezkoa da. Santurtziko Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du astelehenerako, gertatutakoa salatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
37 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean Ertzaitzak bere bikotekidea labankatzeagatik. Heriotza saiakera leporatzen diote. Biktima ospitalera eraman behar izan dute.
10:30 aldera, Santurtziko etxebizitza batean eraso bat gertatzen ari zelako abisua jaso du Ertzaintzak. Bertara iritsitakoan, emakume bat topatu dute zauriturik. Lepoan eta besoan zauri larriak zituela ikusita, Gurutzetako Ospitalera eraman dute emakumea, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Ustezko egilea, berriz, haren bikotekidea, atxilotuta eraman dute, homizidio ahaleginaren ustezko delitua leporatuta.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, ezerk ez du justifikatzen gaur gertatutakoa bezalako "eraso matxista bat eta, are gutxiago, hilketa saiakera bat", eta Eusko Jaurlaritzaren "baliabide guztiak" biktimaren zerbitzura jarri ditu.
Bere aldetik, Santurtziko Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du astelehenean, 09:00etatik aurrera, gertatutakoa salatzeko.