Gizartea -

HEZKUNTZA

Eusko Jaurlaritzak 157 eskola jazarpen kasu antzeman zituen 2021-2022 ikasturtean

Hezkuntza Sailak aztertutako kasu guztien % 14tan frogatu da eskola jazarpena. Kasu kopuruan igoera izan bada ere, identifikatutako kasuen portzentajea % 12 eta % 14aren bueltan mantentzen da.

Xabier Balerdi eta Lucia Torrealday eskola jazarpenaren bilakaera azaltzeko prentsaurrekoan. Irekia
Xabier Balerdi eta Lucia Torrealday eskola jazarpenaren bilakaera azaltzeko prentsaurrekoan. Irekia
Xabier Balerdi eta Lucia Torrealday eskola jazarpenaren bilakaera azaltzeko prentsaurrekoan. Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 157 eskola jazarpen edo "bullying" kasu antzeman zituen 2021-2022 ikasturtean, Hezkuntza Sailak aztertutako 1.098 kasuen % 14,2.

Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako eta identifikatutako kasu kopuruak gora egin du, 966tik 1.098ra eta 129tik 157ra, hurrenez hurren. Hala eta guztiz ere, identifikatutako kasuen portzentajea egonkor mantendu da azken urteetan, % 12 eta % 14aren bueltan.

Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak eskola jazarpenak EAEn izandako bilakaerari buruzko datuak eman ditu Bilbon egin den prentsaurrekoan. Agerraldian parte hartu du Xabier Balerdi Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiak ere.

Azken hamarkadan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamabi aldiz biderkatu da: 89tik 1.098ra. Hala ere, identifikatutako kasuak ez dira proportzio berean handitu: 32tik 157ra. Datu horiek azaltzeko, hezkuntza komunitatearen eta oro har gizartearen sentsibilizazioa nabarmendu ditu Torrealdayk. Horren hitzetan, azken hamarkadan aldaketa nabarmena gertatu da, lehen kasuen hamarretik ia bederatzitan familiak jartzen zuelako salaketa. Orain, ordea, ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak azterketa abiatzen dute zalantzarik txikienaren aurrean.

Aurreko urteetan bezala "bullying" kasu gehien Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu dira, 12-18 urte bitartean: 157 kasu horietatik 98. Gainera, kasu guztien ia herena ziberbullyinga edo sare sozialen bidezko jazarpena izan da.

Bizikasi ekimena

Lucia Torrealdayk Bizikasi ekimena ere hizpide izan du gaurko aurkezpenean. Hezkuntza Sailak duela bost urte jarri zuen abian eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullyingari aurre egitea du helburu, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Bullyinga