Gizartea -

Eguraldia

2022ko urria serie historikoetako beroena izan da, eta lehorrena EAEko zatirik handienean

Hala adierazi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Horrez gain, aurtengo urrian, Euskadiko batezbesteko tenperatura ohikoa baino lau gradu altuagoa izan da.

Marivi Gonzalez de Audicana eitb.eus-eko erabiltzaileak Mugarran hartutako argazkia.
Marivi Gonzalez de Audicana eitb.eus-eko erabiltzaileak Mugarran hartutako argazkia.
Tenperatura erregistroak daudenetik, urririk beroena eta lehorrena da aurtengoa

1:15

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraindik amaitu ez bada ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du 2022ko urria serie historikoetako beroena dela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lehorrena Euskadiko zatirik handienean. Euskalmetek zehaztu duenez, aurtengo urrian, Euskadiko batezbesteko tenperatura ohikoa baino lau gradu altuagoa izan da; tenperatura anomalia hori ere historikoa da. 

Testuinguru horretan, Euskalmetek, prentsa ohar bidez, nabarmendu du aurtengo urriko anomalia, hau da, batez besteko tenperatura ohikoa baino lau gradu baino altuagoa izatea, inoiz izandako anomaliarik altuena dela, urteko edozein hilabete kontuan izanik.

Euskalmeten datuen arabera, urriko batez besteko tenperaturak 20 gradutik gorakoak izan dira kostaldean, eta 16 bat gradukoak Arabako Lautadan; 1981-2010 epeko ohiko batezbestekoari erreparatuta, aurtengo datuak oso gora daude. Hortaz, inoizko urririk beroena da; orain arte, 2006koa zen.

Hiriburuei dagokienez, dio Euskalmetek, Bilbon eta Donostian tenperatura anomalia lau graduetatik gertu kokatuko da, eta Gasteizen aise gaindituko du indize hori. Orain arteko anomaliarik handienak 1989ko abenduan eta 1990eko otsailean jaso zituzten (3,8 graduko anomaliak izan ziren hilabete horietan); 2011ko apirilean 3,7 gradukoa izan zen, eta 2003ko abuztuan 3,6koa.

Ez dugu aparteko berorik izan egun batean ere, baina eguraldi epela erabat nagusitu da urrian, hilaren hasierako egun hotz batzuk izan ezik. Adierazgarria da zenbat egunetan izan diren 30 gradutik gorako tenperaturak (Zallan 32,1 gradu izan dituzte, eta Espejon 31); halaber, hilaren amaieran, kostaldean ere ibili dira 30 graduen bueltan (Oletan, 30,4).

Deigarria da, horrez gain, zenbat gau tropikal izan ditugun hilaren 17tik, alegia, zenbat gautan tenperatura minimoa 20 gradutik gorakoa izan den. Hilaren 18an eta 27an, adibidez, Oiartzunen 25,8 gradutan izan dira, Santa Klaran 25,5 izan zituzten, eta Mutrikun 24,3). Gau horietan, markak hautsi dituzte, Euskadi mailan, urriko minimoei erreparatuta; bereziki, kantaurialdean.

Prezipitazioa: hilabete "oso lehorra"

Prezipitazioa aztergai, urria oso lehorra edo erabat lehorra izan da, 1981-2010 ohiko epearekin alderatuta. Puntu batzuk kenduta, bereziki Mediterraneoko isurialdekoak, serie historikoetako urririk lehorrena izan da; batez besteko prezipitazioa, Euskadi mailan, metro koadroko 10 litrokoa izan da. Oso euri gutxi egin du: Bilbon, egun batean bota du; Donostian, lau; eta Gasteizen, hiru. Aizarnazabalen bota du gehien, baina gutxi han ere (metro koadroko 31 litro), eta Zallan gutxien (metro koadroko bi litro, guztira).

Muturreko meteorologia aztertuta, Eusko Jaurlaritzak, urrian, orain arte, 15 abisu hori deitu ditu; 11 baso suteak egoteko arriskuagatik izan dira, hori haizeagatik, eta beste bat enbatagatik. Halaber, lau alerta laranja izan dira, baso suteak egoteko arriskua dela eta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Eguraldia Donostia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Bero-boladak albisteak