Gizartea -

EUSTAT

Euskal Autonomia Erkidegoak 6.682 biztanle galdu ditu urtebetean, 2021etik 2022ra

Galera handiena Bizkaian gertatu da (-4.914), eta Araba da igoera izan duen lurralde bakarra. 2022ko urtarrilaren 1ean, 2.186.517 biztanle zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hainbat pertsona Bilbon paseatzen. Artxiboko argazkia: EITB Media
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen. Artxiboko argazkia: EITB Media
Hainbat pertsona Bilbon paseatzen. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 2.186.517 biztanle zeuden 2022ko urtarrilaren 1ean, 2021ean baino 6.682 gutxiago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur goizean zabaldutako datuen arabera. Iaz hasitako joera mantentzen da, orduan jaitsiera 6.512 pertsonakoa izan zen 2020. urtearekin alderatuta.

Beherakadarik handiena Bizkaian (-4.914) izan da, Gipuzkoaren aurretik (-2.271) eta Araba da biztanleria hazi den lurralde bakarra (+503). Bizkaiak 1.139.209 biztanle ditu, Gipuzkoak, 716.616, eta Arabak, 330.692.

EAEko hiru hiriburuen artean, Gasteiz da biztanle igoera izan duen bakarra (273 gehiago). Donostiak 319 biztanle galdu ditu eta Bilbok, ostera, 2.207. Azken 20 urteetako joerari erreparatuz gero, Bilbon 6.162 pertsona gutxiago dira; Donostian, 2.585 gehiago; eta Gasteizen, 31.180 gehiago.

Gainerako udalerriei dagokienez, erdiek baino gehiagok biztanleak galdu dituzte azken urtean. Termino absolutuetan beherakada handiena izan duen udalerria Getxo da (-690), baina ehunekoak aintzat hartuta, ostera, Izurtza (% 11,4).

2002 eta 2022 bitartean, Portugalete, Getxo, Sestao, Basauri eta Santurtzi (Bilbo Handia) izan ziren biztanle gehien galdu zuten udalerriak, 20.194 pertsona galdu baitzituzten guztira. Bizkaian, Ondarroak, eta, Gipuzkoan, Arrasatek eta Eibarrek 1.000 biztanletik gorako jaitsierak izan zituzten.

Azken 20 urteetan, Bilbo Handia izan da biztanleria-galera handiena izan duen eskualdea (8.881 pertsona), eta hazkunderik handienak Arabako Lautadan (36.223 biztanle gehiago), Donostialdean (14.916 biztanle gehiago) eta Plentzia-Mungian (13.099 biztanle gehiago) izan dira (% 28,2ko hazkundea izan du 20 urte horietan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Euskal Estatistika Erakundea gaur