Gizartea -

HEREDAGARRITASUNA

Zerk eragiten du gehien giza gorputzean, ingurugiroak edo genetikak?

Bartzelonako Unibertsitateak berriki egin duen ikerketa baten arabera, mintzamenaren ekoizpenarekin zerikusia duten ahots traktuko osagai askoren heredagarritasuna kalkulatu da, eta horrek hizkuntzen arteko desberdintasun fonetikoak eta fonologikoak azaltzen lagun dezake.

Aline Jelenkovic EHUko Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea
Aline Jelenkovic EHUko Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea
Zerk eragiten du gehiago giza gorputzean, inguruneak edo genetikak?

2:20

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zenbat aldiz esan digute gure gurasoen antza dugula? Giza gorputzaren ezaugarri jakin batzuen aldakuntza, nagusiki, heredatzen dugun material genetikoaren araberakoa izan daitekeen arren, zenbaitetan, ingurugiroak ere eragin handia izaten du. Gorputzeko ezaugarriren bat zenbateraino den kausa genetikoen ondorio zehazteko, haren heredagarritasuna aztertzen dela argitu du Aline Jelenkovic EHUko Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saileko irakasleak.

Bartzelonako Unibertsitateak berriki egin duen ikerketa batek mintzamenaren ekoizpenarekin zerikusia duten ahots traktuko osagai askoren heredagarritasuna aztertu du. Human Genetics aldizkarian argitaratutako ikerketa berri honen emaitzek froga berriak ematen dituzte ahots traktuan faktore genetikoek eta ingurumen faktoreek elkarrekin nola jarduten duten jakiteko.

Azterlanak ondorioztatu du, adibidez, ahots traktuaren neurri batzuetan genetikaren eragina handia dela, laringearen posizioan kasu, nahiz eta beste ezaugarri batzuetan, kulturak eta inguruneak garrantzi handiagoa izan. "Ingurugiroaz hitz egiten dugunean, genetikoa ez den guztiaz hitz egiten dugu, hau da, izan daiteke jaten duguna, familiako giroa, gure gurasoen maila sozioekonomikoa, zaletasunak, ikastetxe batera edo bestera joaten bagara...", argitu du antropologian iraskaleak.

Heredagarritasunari buruzko ikerketa ugaritan parte hartu du Jelenkovicek, eta adibide bat jartze aldera zehaztu du, esaterako, hezurrekin lotura duten neurrietan, hala nola hankaren luzeran, genetikak eragin maila altua izaten duela oro har; gizentasunarekin lotutako ezaugarrietan, berriz, herentzia txikiagoa izaten da, eta ingurugiroak eragin nabarmenagoa izaten du. "Plastikoagoak izaten dira, eta errazago alda daitezke. Nire elikadura aldatzen badut edo kirol gehiago egiten hasten banaiz, nire gorpuzkera alda dezaket", gaineratu du.

Nola egiten dira heredagarritasunari buruzko ikerketa mota horiek?

Bikien azterketak klasiko bihurtu dira genetika- eta ingurumen-faktoreek fenotipo batzuei egiten dieten ekarpena aztertzeko; izan ere, familiako antzekotasunean arrazoi genetikoak eta ingurumenekoak bereizteko gehien erabiltzen den metodologia dira. "Bikietatik lortzen dugun informazioa oso baliotsua izaten da", adierazi du EHUko irakasleak.

Azken ikerketa horretan, hau da, ahots traktuaren kasuan, 3D erresonantzia magnetiko estrukturaleko irudietan oinarrituta kalkulatu da heredagarritasuna, 632 biki monozigotiko eta dizigotikotan. Lehenengoak genetikoki berdinak direnez, eta bigarrenek, batez beste, beren genomaren erdia baino ez dutenez partekatzen, konparazioak informazio baliotsua ematen du hainbat fenotipotan duten eragin genetikoa aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia albisteak Osasun albisteak Zientziaren hedapena